Europako funtsak

Jaurlaritzak beste 88 proiektu sartu ditu Europako funtsetarako planean

Euskadi Next plan «berritua» aurkeztu du Azpiazuk. Iazko abenduan aurkeztutako egitasmoen sailkapen berria egin du, eta ekonomia suspertzeko proiektu autonomikoen figura sortzeko eskatu dio Madrili, diru laguntzen kudeaketa errazteko.

Pedro Azpiazu Ekonomia sailburua, Sagardui eta Zupiria sailburuekin, astearte honetan. IREKIA
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 18a
14:05
Entzun

Eusko Jaurlaritzak diru gehiago erakarri nahi du Bruselatik. Europako funtsen inguruan azken asteetan jakiten ari diren xehetasunekin bat eginez, abenduan aurkeztu zuen proposamena eguneratu du, eta beste 88 egitasmo sartu ditu Euskadi Next planean. Guztira, 276 izango dira, eta horiek finantzatzeko 6.400 milioi euro lortu nahi ditu Batasunaren erresilientzia planetik, aurreneko egitasmoan baino 700 milioi euro gehiago.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez, urte hasieratik Espainiako Gobernua zehaztuz joan da proiektuak aurkeztu ahal izateko esparruak, eta horrek ateak zabaldu dizkie beste egitasmo batzuei; besteak beste, hezkuntzaren eta osasunaren alorretako hainbati.

Jaurlaritzak Euskadi Next plan «berritua» onartu du astearte honetako gobernu kontseiluan; iazko abenduan aurkeztutako egitasmo nagusi eta handienei proiektu berri batzuk gehitu dizkio orain, baina, funtsean, aukera baliatu du zerrendatutako proiektuen sailkapen berri bat egiteko. Hiru atal edo multzotan banatu ditu guztiak, eta hor berritasun nagusia da ekonomia suspertzeko proiektu autonomikoen figura sortzeko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari egin dion eskaera.

Europako Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoko diru funtsak lortzeko Espainiako Gobernuaren España Puede planean jasota daude ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoak (PERTE) deiturikoak. Horien bitartez, Madrilek enpresen egitasmoak biltzen ditu atal ezberdinetan, eta unitate gisa tratatzen ditu, Europako funtsetarako sarbidea errazteko. Jaurlaritzak nahi du autonomia erkidegoek ere proiektu horiek diseinatzeko aukera izatea, egitasmoak zatikatu behar ez izateko eta dirua lortzeko ministerio ezberdinetara jo beharrik ez izateko.

Dena den, Azpiazuk berak gogorarazi duenez, Madrilek sortu duen suspertzerako proiektu estrategikoen figura Bruselaren oniritziaren zain dago oraindik, eta ez da gauza ziurra, beraz, horrela aurkeztu ahalko dituenik Europaren aurrean, eta, hortaz, Madrilek berak aurreikusi bezala kudeatu eta banatu ahalko dituen.

Sailkapen berria

Hiru multzotan sailkatu ditu Jaurlaritzak bere planeko egitasmoak: Espainiako Gobernuaren proiektu estrategikoetan sartu ditu batzuk; beste batzuk, proiektu autonomikoan, eta beste multzo bat osatu du administrazioen lehiaketa publikoekin loturiko hainbat egitasmorekin. Atxikitako dokumentuan ikus daitezke egitasmo guztiak, atalez atal.

Hala, Azpiazuk azaldu duenez, dokumentuan bildutako 29 proiektu sar daitezke Madrilek orain arte aurkeztu dituen sei proiektu estrategikoetan; batez ere hidrogenoarekin eta mugikortasunarekin lotutakoak daude hor, eta 5.084 milioiko kostua izango lukete guztira, Europako funtsak, diru laguntza publikoak eta inbertsio pribatuak kontuan hartuta. Bruselatik finantzaketaren %35 inguru lortzea izango litzateke helburua.

Hor azaltzen dira jada abenduan Jaurlaritzak bere planean jaso zituen enpresa egitasmo nagusiak: BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorea (1.300 milioi euro) eta Basquevolt bateria elektrikoen fabrika handia (882 milioi). Bigarren hori non eraikiko den ez da zehazten, baina Gipuzkoak horrelako fabrika bat izateko asmoa jasotzen da, Mubil mugikortasun zentroarekin loturik (75 milioiko aurrekontuarekin).

Abenduko zerrendan agertzen ez ziren egitasmoen artean nagusiena da propultsio aeronautikoarekin loturiko bat, ITP enpresa buru duena (190 milioi eurokoa). Espainiako Gobernuaren proiektu estrategikoen atal aeroespazialean sartu du Jaurlaritzak.

Madrilek beste lau proiektu sortuko ditu, baina, Azpiazuk adierazi duenez, zehaztu gabe daude oraindik. Azaldu du Madrilek hori egitean Jaurlaritzak aztertuko duela bere planetik zein egitasmo sar dezakeen horien barruan.

PERTE autonomiko deiturikoetan, berriz, 63 proiektu bildu ditu Jaurlaritzak, 6.400 milioiko guztizko kostuarekin eta bederatzi ataletan banatuta; besteak beste, honako hauek: banaketa adimenduneko energien sarea sortzeko egitasmoak, hirien jasangarritasuna sustatzekoak, ekonomia zirkularrarekin loturikoak eta osasun arlokoak.

Hor, proiektu nagusienak dira industria lurzoruak berroneratzeko egitasmoa, 885 milioiko aurrekontuarekin, eta banaketa elektrikoko sareen eraldaketa digitala, 489 milioirekin. Bestela, proiektu txikiagoak jasotzen dira, zahar etxeak egokitzea, adibidez (150 milioi).

Bi multzo horiez gain, Europako funtsetatik parte bat eskuratu nahi du Jaurlaritzak administrazio publikoen diru laguntzen deialdien bidez garatzeko: aurreikusi duenez, guztira 6.399 milioiko aurrekontua izango lukete egitasmo horiek guztiek. Multzo horretan, diru gehien beharko luketenen artean daude Bilboko metroaren 5. linea (350 milioi euro) eta Urdaibaiko Guggenheim museoa (127 milioi).

Lurraldeen arteko oreka

Guztira, beraz, 18.286 milioiko kostua duten 276 egitasmo aurkeztuko dizkio Jaurlaritzak Madrili; haren kalkuluen arabera, 6.400 milioi irits daitezke Europako funtsetik. Espainiako Gobernuak Europako Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoko diru funtsetik jasoko duenaren %10 ia.

Lurraldeka, inbertsio osoaren %59ren kokapena argitu edo banatu gabe dago oraindik; dokumentuan jasotako proiektuen artean, berriz, %18 Bizkaian ezarriko lirateke, %12 Gipuzkoan eta %11 Araban. Iazko abenduan aurkeztutako dokumentuaren harira, eztabaida sortu zen Bizkaiak beste bien aldean pisu handiagoa zuela-eta. Hiru lurraldeena murriztu da orain, -%6,6 Bizkaian, -%5,6 Gipuzkoan eta -%1,9 Araban, eta zehaztu gabekoen multzoa handitu da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.