2012ko maiatzean hasi zen «agonia» Laminaciones Arreguiko langileentzat —egun Celsa Atlantic deitzen da—. 91 langile kaleratzea, lanorduak gehitzea eta soldatak %30 inguru murriztea proposatu zuen enpresak. Erabaki horren kontra, grebara jo zuten. Lanuzteari ekin eta hurrengo egunean, maiatzaren 9an, etorri zen enpresaren erantzuna: Gasteizko eta Urbinako (Araba) lantegiak ixteko espedientea aurkeztu zuen. 358 langile kaleratzea zekarren horrek. EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen espedientea, grebarako eskubidea urratu zela iritzita. Joan den astean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen erabakia. Nando Anguiano langile batzordeko presidente eta ELAko ordezkariaren esanetan, «negoziazio erreala» eskatzen diote orain enpresari.
358 langile kaleratzeko dosierra aurkeztu zuen enpresak. Gauzatu, ordea, 178 kaleratze egin zituen. Sententzia horrek zein ondorio izango ditu botatako langile horientzat?
Oraindik enpresaren aurka auzi eske indibidulak dituzten langileak euren lanpostuetara itzuli ahal izango dira. Guztira 110 bat dira; gainerakoek bestelako irteerak adostu dituzte enpresarekin, esaterako, erretiroak hartu dituzte. Lehengo postuetara lehengo baldintzetan itzuliko dira, kobratuko dituzte azken bi urteetako soldatak eta aparteko ordainsariak, langabezia saria jasotzeko eskubidea berreskuratuko dute, enpresak Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaindu beharko dizkie eta abar. Finean, lanean egon izan balira bezala izango da. Aurreikuspenen arabera, irailean edo urrian itzuliko dira lanera.
Lanera itzulitakoan enpresak beste erregulazio espedienteren bat aurkeztuko duela uste duzue?
Bai. Soldatak ahal dituen guztia jaitsi arte ez du etsiko. Uste dugu jarraituko duela langileok izorratzen, baina lantegiak itxi gabe. Izan du aukera ixteko, eta ez du egin.
Zein izan da Arabako lantegien egoera azken bi urteotan?
Sasoi batean, 150 langile inguru aritu ziren lanean, gehienak enkargatuak eta bulegoetakoak, eta saiatu ziren enpresak nahi zuena egiten: bikoitza ekoitzi langile erdiekin. Hasieratik porrot egin zuen asmo horrek, pertsonako aurreikusitako tonak ez zituzten ekoitzi, eta erabaki zuten ekoizpena geratzea. Orduan egon ziren zortzi bat hilabete ezer ekoitzi gabe eta langileei ordaintzen. Orain berriro hasi dira ekoizten. 150 horietatik batzuek alde egin dute, bi lanpostutan batera egon behar zutelako, presio handia zutelako...
Kaleratutako 178 langile horietatik lau langile batzordeko kideak zineten. Zein da zuen egoera?
Batek, bere egoera pertsonala medio, enpresarekin irteera bat hitzartu zuen. Beste bat, LABekoa, epaiketaren zain dago; sententzia hau atera bitartean atzeratu da kontua, eta espero dugu orain bizkortzea. Eta bik irabazi egin dugu auzitegitan. Hala ere, enpresa nahi duena egiten ari da; soldata ordaintzen digu, baina gure zerbitzurik ez du nahi. Beraz, kobratzen dugu lanik ez egiteko.
Konstituzio Auzitegian helegitea jartzea ez du baztertzen enpresak. Egingo duela uste duzue?
Konstituzio Auzitegira jotzen da Konstituzioa urratzen denean, oinarrizko eskubideak urratzen direnean. Laminaciones Arreguik berak urratu ditu oinarrizko eskubideak; ez dizkiote berari urratu.
Zuentzat zein litzateke gatazka honen «amaiera zoriontsua»?
Negoziazio erreal bat egitea zuzendaritzarekin, lan hitzarmen batekin eta bideragarritasun plana mahai gainean jarrita. Enpresak errespetatu behar ditu jokoaren arauak.
Nando Anguiano. Laminaciones Arreguiko langile batzordeko presidentea (ELA)
«Jarraituko du gu izorratzen, baina lantegiak itxi gabe»
Pozik hartu dute langileek Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia, botatako langile guztiak hartu beharko baititu enpresak, eta azken urteotako soldatak eta bestelako ordainak pagatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu