Heidelbergek ez du argitu zer egingo duen Cementos Rezolako lan espedientearekin

Negoziazio epea kaleratzeen inguruko akordiorik gabe amaitu da, baina enpresak espero du langile kaltetu ugarik beren kasa onartzea batzordeak onartu ez duen eskaintza. Hamabost egun ditu azken erabakia jakinarazteko.

Cementos Rezola fabrika Añorgan (Donostia). ASIER GONZALEZ DE SAN PEDRO
Cementos Rezola fabrika Añorgan (Donostia). ASIER GONZALEZ DE SAN PEDRO
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko uztailaren 26a
13:15
Entzun

Heidelberg Materials enpresak oraindik ez du argitu zer egingo duen orain Cementos Rezolarekin. Añorgako (Donostia) plantan enplegua erregulatzeko ezarri asmo duen espedientea negoziatzeko epea akordiorik gabe amaitu zen, eta prozesua orain beste fase batean sartu da. Enpresak ohar bidez kritikatu du langile batzordearen jarduna —LABeko bost kide eta ELAko lau—, eta «prozesua auzitara eramateko» nahia egotzi dio. Zuzendaritzaren arabera, bere azken eskaintzak hamar kaleratze, 29 erretiro aurreratu eta 30 lekualdatze eragingo zituen.

Heidelbergek hamabost egun ditu orain lan aginteari jakinarazteko enplegu erregulazioarekin jarraituko duen ala ez. Bitartean, epe bat ireki du hala nahiko luketen langile kaltetuek enpresaren eskaintzan izena eman dezaten. Sindikatuek baztertu egin dute asteartean, baina enpresak uste du «langile ugari» atxikiko direla enpresaren planera.

Sindikatuek asteartean jakinarazi zuten negoziazio epea akordiorik gabe amaitu zela, langileek asanbladan horrela erabaki zutelako. Haien arabera, zuzendaritzaren azken eskaintzak «enplegu suntsiketa erabat neurriz kanpokoa» eragingo zuen, eta, haien ustez, plantak enpresak kalkulatu baino 24 langile gehiago beharko lituzke bere etorkizuna bermatzeko.

Eta zer eskaini zuen enpresak azken bileran? Hasteko, erregulazioak 54 langileri eragingo lieke —hasieran 56 ziren—. Irteera horietatik 29 erretiro aurreratu bitartez egingo lirateke, 54 urtetik gorakoentzat. Horrez gain, hamabost langile Arrigorriagako (Bizkaia) fabrikara lekualdatuko lituzke, eta beste hamabost Europako beste planta batzuetara bidaltzeko aukera legoke. Kaleratzeak, berriz, hamar lirateke, eta haiei aldi baterako erregulazio bat eskainiko liekete.

Auziaren korapiloa Añorgan geldituko diren langileen kopurua da: zuzendaritzak 37 nahi ditu; sindikatuaren arabera, ordea, 60 behar dira etorkizuna bermatzeko

Negoziazioko korapilo nagusia, baina, ez zegoen hor, lantokian mantenduko ziren postuetan baizik. Heidelbergek 37 proposatu zituen, eta, sindikatuen arabera, 60 beharko lituzkete plantaren etorkizuna bermatzeko. Zuzendaritzaren ustez, batzordearen eskaera «ilogikoa» da, eta langile kopuru hori antzeko plantetan dagoena baino askoz handiagoa da.

Oharrean, enpresak gogor kritikatu du batzordea, eta egotzi dio negoziazioaren hasieratik haren asmo bakarra prozesua auzitara eramatea izan dela. Zuzendaritzak azaldu izan du Clinker plantaren itxiera izan dela kaleratzeen arrazoia —porlanaren oinarria da, eta lur eta harri mota ezberdinak kiskaliz lortzen da—, eta pauso hori ezinbestean eman beharra daukala Europako Batzordeak CO2 isurien inguruan ezarritako araudia bete ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.