Azken urteotan gertatu bezalaxe, abuztuan gora egin du Euskal Herrian lan bila ari ziren pertsonen kopuruak. INEMen datuen arabera, 3.153 langabe gehiago ziren joan den hilean (106.741 guztira), eta langabezia tasa %8,09ra igo da.
Nafarroan soilik egin du behera langabeziak. 224 langabe gutxiago ziren, baina urtez urteko datuen aldean, soilik Nafarroan gehiago dira lan bila ari direnak (+%1,55). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, uztailean baino lagun gehiago ari dira behar bila, baina iaz baino gutxiago (-%3,75, -%6,62 eta -%3,86, hain justu).Erakunde publikoen «axolagabekeria» salatu zuen atzo Euskadiko CCOOk, eta «lan merkatuaren alarma seinaleei jaramonik ez egitea» egotzi zien. Hori gutxi balitz bezala, enpresaburuei leporatu zien udako oporraldia «langileak kaleratzeko» baliatzea. Zentzu berean mintzatu zen UGT-Euskadi. Gaineratu zuenez, «kontratu asko abuztuan bertan behera gelditzen dira, baina irailean berritu egiten dira».Joan den hilean kontratuen %5,56 baino ez ziren finkoak. Hain justu, 76.959 kontratu hitzartu ziren joan den hilabetean, eta 72.000tik gora aldi baterakoak ziren.Espainian 26.693 lagun gehiago langabezian ziren (bi milioitik gora guztira). Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroak aitortu zuenez, «ez dira datu onak», baina Valeriano Gomez Lan idazkariak joera aldaketak ukatu zituen. Irailean eta urrian emaitza hobeak espero ditu.
Hegoaldean 3.153 pertsona gehiago lan bila ari dira
Langabezia tasa %8,09ra igo da, eta lan bila ari direnen kopurua Nafarroan soilik murriztu da abuztuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu