Imanol Salinas. LABeko ordezkaria

«Gatazkak handituz doaz, eta sindikalisten lana zigortu nahi dute»

IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Imanol Salinas LABeko ordezkariari (Iruñea, 1981) maiatzean 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion epaileak. Salinasek eta abokatuak helegitea aurkeztu zuten, eta orain erantzunaren zain dago. Epaia berretsiz gero, espetxean ez agertzeko erabakia hartu du.

Zein da orain zure egoera?

Momentu batetik bestera deituko nau abokatuak esanez zer epai atera den. Zigorra ezartzekotan, 21 hilabeteko espetxe zigorra izango da, eta espetxeratzeko berehalako agindua emango du.

Zer beste aukera daude?

Beste aukera da espetxe zigorra ezartzea, baina isun batekin.

Halakoetan normalean espetxeratzea saihestera jo ohi dute epaileek. Zergatik uste duzu alderantziz joka dezakeela?

Bai, hala da. Hau guztia kokatzen da askatasun sindikalaren aurkako eskubide urraketa batean. Hori dena jasota dator lehen epaian, baina epaileak gaineratu du 21 hilabetera kondenatzeko indarkeriaren erabilera egon behar duela. Ez zegoen inondik ere indarkeriarik. Epaileak autoan dio megafonia, pankarta eta itsasgarriak erabiltzea indarkeria dela. Argudio hori, berez, oso larria da. Era berean, esaten du 21 hilabetera kondenatzen nauela eta espetxera sartzen nauela derrigorrean. Jar zezakeen isun bat edo zigor hori baliogabetu... baina ez, muturrera darama zigorra. Bideo bat aurkeztu genuen, eta han agerian jartzen zen ez zela jatetxearen sarrera blokeatu, ekintza guztiz normala izan zela. Bideo hori galdu egin dute. Errekurtsoan argudiatu genuen froga hori ondo aurkeztu genuela, baina esan digute ez dela nahikoa. Kezkatzeko zantzu handiak daude.

San Giovesaren lan gatazkan, zer gertatu zen?

Sindikatura hurbildu ziren prekaritate handian zeuden langileak. Hauteskunde sindikalak zeuden, eta buelta eman nahi genion egoera hari. Enpresak bere hautagaia aurkeztu zuen, eta hauteskundeen bezperan, jabea Bartzelonatik etorri zen, eta ohartarazi zuen kaleratu egingo zuela hautagai hari botoa emango ez ziona. Handik bi egunera, mehatxua bete zuen eta uztailaren 6an goizean jakinarazi zituen lau kaleratzeak. Antolatzen hasi ginen. Salaketa jarri genuen, eta uztailaren 7an, kontzentrazioak egiten hasi ginen. Sanferminak osorik atarian eman genituen. Enpresak salaketa aurkeztu zuen.

Bai zure kasuan, bai Huerta de Peraltakoan, enpresek salaketa kendu zuten, baina Foruzaingoak aurrera jo du. Zergatik?

Oihartzun handiko bi lan gatazka izan dira. Bietan grebak irabazi genituen eta akordioak lortu. Etor daitekeen krisiaren aurrean, grebak eta gatazkak handituz doaz, eta ikusten da zigortu egin nahi dela sindikalisten lana. Bi kasuetan absolbitu egin dituzte langileak, baina ikusten da sindikatuaren antolakuntzan ari garenok espetxeratu nahi gaituztela.

Zer erantzun eman behar da?

Zenbat eta handiagoa izan mobilizazioa, orduan eta aukera gehiago helburua lortzeko. Epaiketa gainditzeko ezinbestekoa da. Bidegabekeria salatzeko, desobedientziaren alde egin dugu. Dei egiten dugu larunbateko manifestaziora eta beste ekinaldietara joateko.

LABeko bi ordezkarik ez diete men egingo euren aurkako auzi judizialei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.