Energia. Petrolioaren merkatzea. Iñaki Arto. BC3 Research-eko ikerlaria

«'Fracking'-ak ere gaindituko du bere produkzioaren gailurra»

Prezio merkeak ez dira luzerako, ohiko eta ezohiko ustiatzaileen lehiaren ondorio baitira. Gainera, klima aldaketan ondorio larriak dituenez, petrolioarekiko mendekotasuna gainditu beharra ikusten du.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
inaki petxarroman
2015eko otsailaren 22a
00:00
Entzun
BC3 Research klima aldaketarako ikerketa zentroko ikerlaria eta erregai fosiletan aditua da Iñaki Arto. Haren ustez, beharrezkoak dira petrolioaren menpekotasunetik atera eta karbonorik gabeko gizarte batera joateko urratsak, eta, horretarako, bertan behera utzi behar dituzte erregai fosilen produkzioari ematen zaizkion diru laguntza publikoak.

Urte batzuetan garestitu ondoren, asko merkatu da petrolioa azken hilabeteotan. Zergatik?

Bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, hazkunde ekonomikoa txikiagoa izan denez, petrolioaren eskaria jaitsi egin delako. Eta, bestetik, eta hau da nire ustez garrantzitsuena, AEBetan petrolio ez-konbentzionalaren produkzioaren hazkunde handi bat gertatu delako. Aldi berean, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE), Saudi Arabia buru dela, haren merkatu kota galtzeko beldur (%30 inguru), produkzioari eustea erabaki du, prezioari eutsita, AEBetako fracking-eko operadoreak merkatutik kanpo uzteko helburuarekin.

Prezioen jaitsiera hori dela eta, pentsa daiteke erreserbak handitu direla edota, alderantziz, Hubbertek-eta iragarri zuten petrolioaren gailurra igaro ondorengo aroan gaudela?

Azken urteotako produkzio hazkundeak ez ditu petrolioaren gailurraren teoria horiek baliogabetzen, alderantziz baizik. Badira urteak igaro zela ohiko petrolioaren produkzioaren gailurra, eta, haren ustiapena gainbehera dago. Horren ondorioz, petrolioaren prezioa 70 dolarretik gora joan zen, 100 dolar gaindituta zenbait kasutan. Prezio horietan, bideragarria zen ezohiko petrolioa ustiatzea, nahiz eta askoz teknika garestiagoak behar diren.

Nondik atera da diru hori?

Diru hori merkatuetatik edo bankuen maileguetatik lortu dute operadoreek. Prezio altuen bolada horrek kointziditu zuen interes tipo apalak zeuden garai batekin, eta horri esker, diru asko mobilizatu ahal izan zen ezohiko petrolio ustiapenetara, bereziki AEBetan. Beraz, konbentzionalari gertatu zitzaion moduan, ez-konbentzionalari ere gertatuko zaio: haren produkzioaren gailurra gainditu egingo du.

Zer ondorio ditu LPEEren eta AEBen arteko lehia horrek?

Lehen fase batean petrolio inportatzaileak onuradun irtengo dira, diru gehiago bideratuko baitute petrolioa inportatzera euren ordainketa balantzea hobetzeko. Horrekin batera, kontsumitzaileek ere zuzenean jasotzen dute horren onura. Horrek finantza merkatuetan ere eragina izango du.

Eta, gero, zer gerta daiteke?

Prezioak 60 dolarretik behera geratzen badira modu iraunkor batean, denbora kontua da fracking bidez petrolioa ustiatzen ari diren AEBetako ekoizleek porrot egitea. Batzuek egin dute jada. Esan dudanez, AEBetan diru asko inbertitu da fracking-aren industrian, eta zorpetze maila itzela da. Posible da zor horren zati bat itzuli ezin izatea, eta horrek ondorioak izango lituzke finantza merkatuetan. Baina, akaso, ondorio garrantzitsuenak epe ertain-luzean gertatuko dira. Izan ere, prezioen beherakadak gelditu egin ditu ezohiko ustiapeneko proiektu asko. Ondorioz, epe luzean, ez da egongo ustiategi berririk egungo putzuen gainbeherari erantzuteko. Ondorioz, petrolio eskaintza jaitsi egingo da, eta prezioak igo.

Egungo ustiapenari eutsiz gero, noiz arte egongo da petrolioa?

Noiz bukatuko den ez du axola. Izan ere, petrolioa ez da inoiz amaituko, zeren ustiategi guztietan gertatzen da une batetik aurrera kostua asko handitzen dela eta ustiapena jada ez dela errentagarria. Hain zuzen, momentu horretan, produkzioa eten egiten da.

Orduan, zer da garrantzitsuena?

Garrantzitsuena da jakitea noiz iritsiko garen ohiko eta ezohiko petrolioaren erauzketaren gailurrera, eta zer erritmotan hasiko den gutxitzen. Fenomeno hori gertatuko da petrolioa erabiltzeari utzi baino lehenago, baina oso ondorio garrantzitsuak izan ditzake mundu osoan, petrolioa ezinbesteko energia iturria baita gizarteentzat, bereziki, egungo ekonomia globalizatuaren ardatz den garraioarentzat.

Klima aldaketa ari zara ikertzen. Uste duzu Parisko goi bileran aurten akordio bat izango dela?

Herrialde guztiak ari dira pairatzen, era batera edo bestera, klima aldaketaren ondorioak, eta herritarrak gero eta kontzienteagoak dira horretaz. Baikorra naiz Parisko bilerari begira. Beharbada, ez da behin betiko akordioa lortuko, baina uste dut aktore nagusiek —AEBek, Txinak, Europako Batasunak— hartu behar dutela protagonismoa, eta urrats garrantzitsu bat egingo dutelakoan nago.

Gurean, osagai berriak ditugu mahai gainean: fracking-a eta prospekzioak. Kezkatzen zaitu?

Klima aldaketari buruzko ikerlari gisa kezkatzen nau, bai, zeren, klima segurtasunari eutsi nahi badiogu, baliabide fosilen zati handi bat utzi beharko baitugu lur azpian. Uste dut hori aintzat hartu behar dela erabaki bat hartu aurretik. Gainera, herritar moduan, eta testuinguru ekonomiko honetan, ez dut batere argi halako jardueretan diru publikoa inbertitzeak zer ondorio izan ditzakeen, etorkizun zalantzazkoa dutelako.

Fracking-ak ez du etorkizunik?

Zalantzazkoa. Inbertitzaileak aintzat hartzen arituko dira AEBetan gertatutakoa, eta etorkizunean bi aldiz pentsatuko dute dirua sektore horretan jarri aurretik.Gainera, Europan, erauzketa are eta zailagoa da teknikoki, eta herritarren kontrako jarrera nabarmenagoa.

Posible da energia berriztagarriekin bakarrik bizitzea?

Erregai fosilen menpekotasunari aurre egiteko modurik egokiena aurreztea eta eraginkortasun energetikoa bultzatzea da. Halaber, uste dut beharrezkoa dela erregai fosilak diruz laguntzeari uztea. IEA Nazioarteko Energia Agentziak egindako txosten berri batek dio 500.000 milioi dolar ematen zaizkiela urtean munduan, berriztagarriei baino lau aldiz gehiago. Diru hori oso garrantzitsua litzateke berriztagarriak bultzatzeko, haiek baitira karbonoaren ondorengo gizarte batera iristeko oinarria. Eta, bai, posible da energia berriztagarriekin bakarrik bizitzea, baina bizimodua aldatu beharko litzateke, helburua bada, behintzat, munduko herritar guztiek edukitzea bizitza baldintza duinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.