Ez dago oraingoz bankuak erreskatatzeko akordiorik

21 orduko bileraren ostean, asteazkenean berriz batzartuko dira Finantza ministroak etorkizuneko erreskateak arautzekoBankuen porroten fakturak bankuek eta hartzekodunek ordaintzea adostu nahi dute

xabier martin
2013ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ez dago zalantzarik Europako Batasunak gauzak egiteko berezko modua duela. Akordioak eginda daudela dirudienean, azken uneko desadostasunak azaldu eta arazoak atzeratzea da modu hori. 21 orduko bilera luzearen ostean, EBko Ekonomia eta Finantza ministroek (Ecofin) ezin izan zuten bankuak erreskatatzeko akordiorik egin. Egina zirudien ordu batzuk lehenago, baina larunbat goizaldean, Alemaniako Finantza ministro Wolfgang Schaublek iragarri zuen asteazkenean batzartuko zirela berriro, EBko Estatu eta gobernuburuen goi bileraren bezperan. In extremis egin nahi dute akordioa, beraz, orain urtebete bankuen ikuskatzaile bateratua adostu zuteneko jokalekua errepikatuz.

Zerga ordaintzaileek ez, baina bankuek zuzenean eta haren hartzekodunek pagatzea nahi dute, porrotak daudenean. Hori ez da, ordea, ematen duen bezain erraza. Subjektu bakoitzak ordaindu beharko lukeen portzentajeetan eta kopuruetan sortu dira desadostasunak. Bankuak erreskatatzean jarraituko diren arau zehatzak denen adostasunez jasotzea ez da erraza, beraz; ez da sekula izan Europako Batasunean, baina bi urrats aurrera eta bat atzera eginez dago dagoen lekuan.

100.000 eurotik behera

«Akordiotik hurbil gaude, baina oraindik ez gara horretara iritsi, eta horregatik erabaki dugu egoera ez bortxatzea», esan zuen Schaublek. Asteazkeneko bilerak «emaitza ona» emango duela ere gaineratu zuen. Horretarako, bankuen erreskateak zein hartzekodunek eta zein mailatan pagatuko dituzten hitzartu beharko dute, baita zein ordenatan behartu ahal izango dituzte kitak onartzera ere. Akzioak, bonuak, zorra eta gordailuak (asegururik gabeak); haien jabeek ez dute maila berean erantzun beharko.

«100.000 eurotik azpiko gordailuak bermaturik daude erabat, baita 100.000tik gorakoak enpresa txiki eta ertainen esku edo pertsona fisikoen esku daudenean ere», azaldu zuen Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak. Hurbil dago oraindik Zipreren erreskatean 100.000 eurotik beherako gordailuei EBk jarritako kita —gero atzera egin zuten—. Hastapeneko kita horrek, inoiz halakorik jarri gabea eurogunean, aurreztaile txikien arautegia hautsi zuela uste dute askok, eta poliki joan beharko dute orain ere hartzekodunek zenbat eta zein ordenatan ordaintzera beharko dituzten adostean.

Kontua da faktura bakarrik diru publikoaren kontura utzi beharrean, bankuetako akziodunek eta hartzekodunek ere pagatzea. Zipren probatu zen neurri batean erreskate eredu hori. Findu beharra daukate, ordea, Finantza ministroek, erraza baita berriro ere hautsak harrotzea.

Asteazkenean akordioa izango dela uste dute ministro askok, baina «garrantzitsuena» aurreko ostegunean eginiko akordioa dela uste dute, erreskate funtsaren bidezko birkapitalizazio zuzenarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.