Eroski taldeak 2.412 milioi euroko fakturazioa izan du urteko lehen erdian, eta horrek esan nahi du %7,2 handitu dela negozioa iazko epe berarekin alderatuta. Bereziki elikagaien jarduera handitu da, pandemiaren aroaren isla zuzena; izan ere, COVID-19a dela eta, hurbileko dendak biziberritu egin dira, eta salmentak %12 igo dituzte. Dena den, elikagaien jarduerak orekatu egin du beste negozio eremu batzuetan jarduera apaldu izana; adibidez, bidaia agentzietan eta gasolindegietan. Adar horiek asko sufritzen ari dira.
Horiek horrela, taldeak 48 milioi euroko etekina lortu du urteko lehen erdian, eta atzean utzi ditu galderen edota irabazi apalen garaiak. Eroski S, Coop kooperatiba nagusiak, berriz, 5,6 milioi euroko etekina izan du. Salmenten zenbatekoa 988 milioi eurora iritsi da, eta %15 igo da aurreko ekitaldiko lehen seihilekoaren aldean.
«Kontu horiek erakusten dute gizartearen aparteko egoerak salmentak hobetu dituela, baina, aldi berean, gastuak handitu egin dira bezeroari zerbitzurik onena emateko eta ingurune seguru bat bermatzeko", azaldu du Sare Komertzialeko zuzendari nagusiak, Rosa Carabelek. Gastu igoerak batez ere dendetako babes ekipoetan, segurtasunean eta garbitasunean izan dira, orobat lantaldeen errefortzuan ere. Hala, banaketa taldeak 1.562 langile gehiagorekin amaitu du seihilekoa.
Zor kontuak
Eroskiren geroa urte askoan zalantzan jarri duen beste atala, zorra, bridatua dago gaur egun. Urteko lehen zatian zor finantzarioaren 40 milioi euro amortizatu ditu Eroskik; hortaz, berriro bankuekin hitzartu denetik gora ari da amortizatzen.
Horrez gain, lehen seihilekoan 37 denda ireki ditu. Zehazki, 4 supermerkatu propio, Cash and Carry bat eta frankizia erako 32 saltoki. Epe horretan egin duen inbertsioa 31,2 milioi eurokoa izan da. Taldeak sei milioi bezero-bazkide ditu, eta 138 milioi euroko transferentziak egin dizkie eskaintzetan eta sustapenetan.