Bost urtean behin egiten du Biltzar Nagusia ESK sindikatuak, eta duela bi aste izan zen seigarren aldia, Durangon (Bizkaia). Besteak beste, hurrengo bost urteetarako erronkak zehaztu zituzten, eta koordinakunde nazionaleko aldaketa txikiak erabaki. Bost kide dira, eta horietako bat da Jabier Saenz (Gasteiz, 1986). Ondo ikusten du sindikatua, «prekarioenen eskura».
Zeintzuk dira hurrengo bost urteetarako erronkak?
Gure borroka nagusia planetaren mugei lotuta dago, eta gure izaera ekosozialista berretsi dugu, kapitalaren aurkakoa. Baita gure apustu nagusiak ere: zaintza sistema publikoa, oinarrizko errenta baldintzarik gabekoa eta fiskalitateari buruz egin dugun gure lehen irakurketa propioa. Berretsi dugu enplegua erdigunetik atera behar dugula. Eskubide sozialak enplegutik eratortzen dira, eta, trantsizioaren harira, beharrezkoa da enpleguaren garrantzia bigarren lerro batera pasatzea eta enpleguari lotuta ez dauden eskubide sozial gehiago bultzatzea.
Enpleguak gaur egun ez du bizitza duina bermatzen?
Gero eta langile pobre gehiago daude. Langabezia datuak onak direla dirudi, baina aldizkako langile finkoen kopurua hiru aldiz handitu da. Horrek zer esan nahi du? Jende asko ez dela ageri datuetan, baina langabezian dagoela errealitatean. Makillajea da.
Zer moduz dago ESK egun? Azken bost urteetan asko igo da zuen afiliatu kopurua.
Datuak oso onak dira. Duela hamar urte 4.800 afiliatu ginen, duela bost urte 5.300 eta orain 7.000. Datuak garrantzitsuak dira, noski; baina guretzat, kopuruak bezain garrantzitsua da gizarte arloan egotea, ez bakarrik lantokietan. Argilan-ESK-k pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurka egiten duen lana funtsezkoa da; astero aholkularitza doakoa dugu DSBEa kobratzen duten pertsonentzat, eta Lanbideren eta Jaurlaritzaren jarrerak salatzeko.
«Gure jendearen jarrera da ESK, arazoei aurrez aurre begiratzea. Pandemian ikusi zen: gure jendeak gelditu zuen Mercedes»
Zuek esandakoa da: «Langilerik prekarioenek jotzen dute gure atea». Zein da afiliatuen profila?
Denetarik dago. Gehiengo bat da prekarioa, eta uste dugu etxe egokia garela beharrik handiena dutenentzat. Baina, era berean, afiliatuen %20k arlo publikoan egiten dute lan. Hor ikusten dugu zerbitzu publiko garden batzuen defentsak emaitza eman duela.
Erdiak baino gehiago emakumeak dira.
Lehen aldia da horra iritsi garena, eta albiste oso ona da. Historikoki, gure sindikatua oso maskulinizatua egon da. Gauza asko ditugu lortzeke berdintasunaren alde, baina ikusten dugu emakumeak sindikatuetara gerturatzen ari direla, baita ESKra ere. Sindikalizazioa bultzatu zenean, zaintza lanen banaketa ez zuten lehentasunetako bat, eta zaila zen emakumeek lehen lerroan egotea.
Non dago ESK?
Osakidetzan gaude, garrantzi dezentekoarekin. Horrez gain, eta, arlo publikoari dagokionez, Correosen gaude, udal handi batzuetan: Gasteizen, Bergaran... eta, arlo pribatuan, indartsuak gara garbikuntzan, industria batzuetan... Mercedesen eta Michelinen, Gasteizen; Beasaingo eta Irungo CAFen, Irizarren... Lantoki handietan ondo funtzionatzen dugu, txikietara iristea gehiago kostatzen zaigu.
‘ESK, sindikatu txikia’. Hala al da?
Gure artean beti diogu ez dugula txikia esan behar, ez delako txikia. Alternatiboa, eraldatzailea... Gero eta gehiago kostatzen zaigu txikia izatea, 7.000 afiliatu gara, eta presentzia handitzen ari gara. Tamainari ez diogu erreparatzen, 5.000 edo 10.000 afiliatu izan, guretzat, garrantzitsuena gure ekarpena kudeatzea da. Gure jendearen jarrera da ESK, arazoei aurrez aurre begiratzea. Pandemian ikusi zen: gure jendeak gelditu zuen Mercedes, babes jantziak eraman genituen Osakidetzara...
ESK erradikaltasunarekin lotu izan da. Eusten al dio?
Gustatzen zaigu pentsatzea erradikalenak garela jarreretan, formetan eta lekuetan. Dena den, ikusi dugu azken urteetan erradikalenak izateko lehia moduko bat dagoela, eta gu ez gaude hor. Guk gauzak argi esaten ditugu, lantokiz lantoki, auzoz auzo... Gauzak erradikaltasunez egiten ditugu, baina zilegitasunez. Ekintza zuzenak egiten baditugu, egoeren arduradunak seinalatzeko da.
Askotan, beste sindikatu subiranisten eskutik zoazte. Zuen markari kalte egiten al dio horrek?
Guk argi dugu tresna bat garela, langileriarentzat. Pentsatzen dugu ekintza batasuna ona dela langile klasearentzat, eta beste sindikatu batzuekin elkartzen gara, gure formekin bat datozelako. Gure marka? Guk uste dugu gure jendeak baloratzen duela batasunaren eta elkarlanaren alde egiten dugun lana.
«Gure marka? Uste dugu gure jendeak baloratzen duela batasunaren eta elkarlanaren alde egiten dugun lana. Ekintza batasuna ona dela langileentzat»
Zerk ezberdintzen zaituzte ELArekin eta batez ere LABekin?
Autonomoak gara, baita gure atal sindikalak ere. Gatazketan zuzendaritzak ez die esaten atal sindikalei zer egin behar duten. Jendeari zerbaitek eragiten badio, haiek hartu behar dute erabakia, ez zuzendaritzak. Gero, izaera asanblearioa dago. Ez gara bakarrak, baina guretzat oso garrantzitsua da. Izaera soziala ere oso garrantzitsua da gurean: ekologismoa, feminismoa, pobreziaren aurka... Beste batzuk mugiarazten ditugulako gara garrantzitsuak.
Osakidetzan eginiko lanaz harro zaudetela esan duzue.
Hala delako. Bizitzaren eta kapitalaren arteko borrokan Osakidetza defendatzea oso garrantzitsua da. Beste eragile batzuekin batera, kudeaketa eredua kolokan jarri dugu. Oraindik ez dugu lortu eredua aldatzea, baina bidean gaude, agortuta dagoelako eta gizartea presio egiten ari delako. [Eusko Jaurlaritzako] Bi sailburu atzeko atetik atera dira, ezin zutelako jarraitu beren postuetan. Guretzat, garrantzitsua da klientelismoa eta kudeaketa modu hori gizartean salatzea.
Oposizioen iruzurra zuek azaleratu zenuten.
Guk ez, hiru ausart haiek izan ziren. Duela sei urte izan zen, eta guk salatu genuen nola iruzurra zegoen oposizioetan, txandakako sistema bat zela. Hori atera ondoren, egunero gutun anonimoak jasotzen genituen, beste espezialitate batzuetan zeuden iruzurrak kontatzen zizkigutenak. Duela bi aste mediku batek deitu gintuen, eta esan zigun lehen aldiz esan dezakeela Osakidetzako lan eskaintza publiko bat ez dela iruzur bat izan.
«Osakidetzako oposizioetako iruzurra salatu genuenean, egunero jasotzen genituen gutun anonimoak beste iruzur batzuen berri ematen zigutenak»
Sindikatuen deskreditu asmo bat al dago gizartean?
Ez gaituzte kezkatzen, kritika horiek nondik datozen ikusita, bidearekin asmatzen ari gara. Patronalak esaten badu greba gehiegi daudela eta burutik jota gaudela, bidearekin asmatzen ari garen seinale. Grebekin hobekuntzak lortzen ditugu.
Erresistentzia kutxa duzue.
Bai, elkartasun funtsa da, 2005ean sortua. Azken bost urteetan 300.000 euro gastatu ditugu. Hiru hilabeteko afiliazioa behar da, eta hirugarren greba egunetik aurrera ordaintzen da. Gutxieneko soldata ordaintzen dugu, 36 euro eguneko. 2019az geroztik ekintza sindikalaren eraginez iritsitako isunak ere ordaintzen ditugu harekin.