Energiak esportazioak suspertu ditu abuztuan

Hego Euskal Herriko enpresen atzerriko salmentak %8,3 handitu dira abuztuan. Urte osoan, ordea, %4 ari dira jaisten, Alemaniaren eta autogintzaren ahultasunarengatik.

Bilboko portua, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko portua, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko urriaren 18a
13:40
Entzun

Urtea bukatzeko hilabete batzuk falta diren arren, gauza bat ia ziurtzat jo daiteke dagoeneko: 2024an ez da esportazioen marka hautsiko. Urteko lehen zortzi hilabeteetan %4 txikitu dira esportazioak, Hego Euskal Herriko industriaren osagai nagusia autogintza delako eta krisian sartzen ari delako. Abuztua, ordea, hilabete txukuna izan da: esportazioak %8,3 handitu dira, produktu energetikoen eskutik batez ere.

Bigarren urtea jarraian izango da kanpo sektorea uzkurtu egiten dela. 2022an jo zuten goia esportazioek, 43.257 milioi euroren salmentekin. Inflazio handiak hauspotutako marka izan zen ordukoa, aurrekoa (2019koa) baino %21,2 handiagoa izan zelako. 2023an ere inflazioa handia izan zen, baina esportazioak jaitsi egin ziren, Hego Euskal Herriko bezero nagusiak —Frantzia eta Alemania— ez daudelako beren garai ekonomikorik goxoenean. 

Lurraldeen artean alde handia dago, azken finean, indargune desberdinak dituztelako. Horrela, Bizkaiak ditu orain arte daturik positiboenak: abuztuan %16,9 handitu ditu esportazioak, eta hura da urte osoan balantze positiboa duen bakarra (+%0,6). Baina aurtengo igoera oso lotuta dago iazko jaitsierarekin: produktu energetikoen prezioen beherakadak %6,8ko uzkurtzea ekarri zuen Bizkaiaren inportazioetan. Aurten ez da aldaketa izugarririk izan prezioetan, baina esportazioak handitu ditu: abuztuan, %77 handitu du olio gordinen esportazioa, eta %5.600, berriz, olio destitulatuena (Naftaleno, Benzol eta halakoak).

Hala ere, beste bat izan da Bilboko portutik ateratako kargamentu nagusia: kobre findu gabearen eta kobre anodoen 105,8 milioi tona.

Besteetan, negatiboan

Produktu energetikoen inportazioa eta esportazioa da Bizkaiko kanpo sektorearen atal nagusia, baina produktu horiek ia ez dute pisurik beste lurraldeetan, eta horiek gehiago sufritzen dute euroguneko ekonomiaren ahulaldia. Horrela, aurtengo lehen zortzi hilabeteetan %1 txikitu dira esportazioak Gipuzkoan, %1,8 Nafarroan, eta %14,7 Araban.

Azken horretan pisu handia dute Mercedesen esportazioek, eta jakina da Gasteizko fabrika ez dagoela bere onenean. Eskari uste baino txikiagoa dela-eta, aste honetan berriro iragarri du Alemaniako multinazionalak lantegia lau egun gehiago geratuko duela. Nolanahi ere, abuztua ez da hain txarra izan: %14,1 handitu dira auto osagaien esportazioena eta %2,4, berriz, pertsonak garraiatzeko furgonetena  —zamak garraiatzekoak, berriz, %22,2 txikitu dira—.

Zifrak

%16,9

Frantziara zenbat doazen. Ipar Euskal Herriko eta Frantziako enpresak dira Hegoaldeko enpresen bezero nagusiak. Aurten 4.557 milioi euroren salgaiak erosi dizkiete, esportazioen %16,9. Haren atzetik doaz Alemania (%14,6), Italia (%7), Erresuma Batua (%6,5) eta AEBak (%6).

-%2,4

Inportazioak, aurten. Aurtengo lehen zortzi hilabeteetan 22.462 milioi euroren inportazioak egin ditu Hego Euskal Herriak, 2023ko epe horretan baino %2,4 gutxiago. Alemania eta Frantzia dira hornitzaile nagusiak.

Autogintza da Nafarroako ekonomiaren bizkarrezurra, eta, hilabete gehienetan, hango esportazioen %40tik gora ekartzen ditu sektore horrek. Abuztua hilabete pattalagoa da alde horretatik (esportazioen %26,3), baina iazkoak baino %2,2 handiagoak izan dira.

Gipuzkoak, oro har, kanpo sektorea dibertsifikatuagoa dauka: abuztuan, %6,9 handitu dira esportazioak, autogintzarako osagaien salmenten galera (-%3,2) konpentsatu dutelako trenek eta trenak egiteko materialek (+%63,4) eta altzairu profilek (+%55,1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.