ELAk eskatu du estatalizazioa eten ezean lan erreforma blokeatzeko

Sektore arteko itunei lehentasuna emateko eskatu du sindikatuak, bestela lan baldintzen «homogeneizazioa» iritsiko delako. Lan harremanen eremua arriskuan ikusten du

ELAk iazko abenduan elkarretaratzea egin zuen Bilbon, lan hitzarmenen estatalizazioaren aurka. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
ELAk sektore arteko itunei lehentasuna eman nahi die berriz ere. Erkidegoetan erabakitzen diren lan baldintzak beste eremuen gainetik egon daitezela; hain zuzen, Hego Euskal Herrian erabakitakoa ez dezaten Espainiako itunek zapuztu. Sindikatuak ikusten du egon badagoela aukera Pedro Sanchezen gobernuak 2012ko lan erreforma aldatzeko azaldu duen jarreran eragiteko, hura gutxiengoan dagoelako. Azken hilabeteetan, hainbat bilera egin dituzte sindikatuko ordezkariek Madrilen; PSOE, Unidos Podemos, ERC, PDeCAT, EAJ eta EH Bildurekin bildu dira, eta sindikatuak eskaera zehatz bat egin die euskal ordezkariei: ez bada itunen estatalizazioaren aurkako proposamenik adosten, lan erreformaren aldaketa oztopatu dezatela.

CCOOk eta UGTk Espainiako Gobernuarekin aurreakordio bat lortu zuten pasa den urteko abenduan, eta bertan lan erreformaren erreforma egiteko «puntu kaltegarrienak» egokitu zituzten. Horietatik bi hauek dira nagusienak: iraungitako itunen ultraaktibitate mugagabea hitzartzea, eta sektoreko hitzarmenei lehentasuna ematea, eta ez enpresakoei. ELAk, ordea, ez du nahi Espainian sektoreko itun bat lortuko balitz horrek lehentasuna edukitzea, «lan baldintzen homogeneizazio» bat ekarri dezakeelako horrek berarekin, Peio Igeregi sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak azaldu duenaren arabera.

Kontrara, erkidegoko sektore arteko itunei eta probintzia mailako sektoreko hitzarmenei lehentasuna ematea defendatu du sindikatuak. Horiek enpresako itunen gainetik egon daitezela nahi dute, «baina enpresako hitzarmenak sektoreko baldintzak hobetzen baditu, orduan horrek izan beharko luke lehentasuna».

Hau da, finean 2010eko hamarkada hasieran onartu ziren hiru lan erreformen aurretik zegoen egoerara itzuli nahi du ELAk. 1994tik indarrean zegoen lan harremanetara hain zuzen. Izan ere, estatuko itunek enpresakoek baino indar handiagoa izango balute, eta lan erreformaren erreforman beste punturik ukituko ez balitz, «ezingo zen erkidegoko itunik negoziatu». Igeregik, esan duenez, sektoreko lan hitzarmen hobe bat eskatzeko egingo ziren mobilizazioetan ezingo zituzten grebak ere egin, «itunak indarrean daudela egiten diren grebak ez direlako legezkoak». Eta euskal esparruan erabakitzeko aukerarik ez balego, sindikalgintza aldarrikatzailearen jarduna mugatuko litzatekeela uste du.

Duela bi urte, ordea, sektore arteko akordioa lortu zuten ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Confebask patronalarekin, eta bertan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eremuan onartutako itunei lehentasuna ematea adostu zuten. Baina akordio hori indarrik gabe geratzeko arriskuan egon litekeela azaldu du Igeregik. Ostalaritzako itunarekin gatazkan lehertu zen Feards Espainiako patronalarekin, estatuko hitzar- mena aplikatu nahi baitzuten. Baina sektore arteko akordioa izenpetua zuten sindikatu eta patronalak. LABek errekurtsoa aurkeztu zuen, eta auzia Espainiako Auzitegi Gorenean dago. «Han erabakitzen denaren arabera, akordioa indarrik gabe geratu daiteke».

Alderdi abertzaleei deia

Horregatik guztiagatik, Espainiako Gobernuak 2012ko lan erreforman egin nahi dituen aldaketetan eragin nahi du sindikatuak. PSOE Kongresuan gutxiengoandagoela baliatu nahi du ELAk. «Erreforma hau onartzeko 176 boto behar dituzte, eta horretarako Sanchez gobernura eraman zuten alderdien babesa behar du PSOEk», Igeregiren arabera. Besteak beste, alderdi abertzaleena ere bai. Horregatik dei egin die tramitazioa oztopatzeko lan itunen estatalizazioaren aurkako neurririk hartzen ez duen erreformarik balego. «EAJrekin eta EH Bildurekin bildu garenean kolaboratzeko prest daudela esan digute». Baina PSOEren gobernuak CCOO eta UGTrekin adostu duen aurre akordioa dekretu bidez ere onartu ahalko zuen, eta horrek zaildu egingo zuen eragiteko aukera.

Dena den, lan erreforma honen parlamentuko tramitazioa aurrekontu proiektua eztabaidatu ondoren egingo da Kongresuan. Pedro Sanchez gobernura iritsi zeneko promesetako bat da lan erreformarena, eta hauteskundeen atarian dekretu bidez onartzea ere ez dute baztertzen sindikatuko ordezkariek. «Alderdi guztiek, ordea, euren interesak dituzte; PDeCATek, adibidez, aurreko erreformaren alde bozkatu zuenez, orain luke ez aldatuko». Horregatik jokaleku zaila dela ere onartu du Igeregik. Dena den, Madrilen egindako bileretatik alderdi denek esan diote ELAko ordezkaritzari «zentzuzko proposamena» dela.

Gaur egun dagoen testuinguruaren parekotasunak topatu ditu Igeregik 1994ko egoeran. Orduko hartan ere PSOE gobernuan zegoen, eta kongresuan gutxiengoa zeukala ari zen gobernatzen. Testua onartu ahal izateko jeltzaleen botoak beharrezkoak izan ziren, eta momentu horretan EAJren eta ELAren artean «borondate oneko hartu-emanak» egon zirela gogoratu du sindikatuko ordezkariak. Gaur egun antzeko zerbait gertatzeko itxaropena ez du galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.