Ehundik gora proiektu ditu jada Fabrikazio Aeronautikoko Zentroak

Atzo inauguratu zen, baina urtarriletik dago lanean fabrikazio aurreratuko zentroa, Bizkaiko Parke Teknologikoan. EHU eta 49 enpresako talde bat dira haren arduradunak, finantzaketa publikoarekin

Iñigo Urkullu eta Nekane Balluerka, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroko makinak ikusten, atzo. BERRIA.
Irune Lasa.
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Aeronautika eta makina-erreminta sektoreetako euskal enpresen eskariz, besteak beste ITP eta Danobat tartean direla, sortu da FAAZ Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa. Haren xedea argia da: aeronautikako ekoizpen teknologia berrien ikerketan MRL 6-7 mailan ibili ahal izatea; hots, proiektuen garapenerako egiazkoen pareko teknologiak eta makinak erabili ahal izatea, antzeko funtzio eta tamainak dituztenak.

Ez da nolanahiko lorpena ikerketa maila horietan ibiltzeko aukera izatea Bizkaiko Teknologia Parkean. Industria alorrean fabrikazioaren heldutasuna neurtzeko erabiltzen da MRL eskala—2005. urtetik— eta gaur egun hamar maila ditu. Jatorria TRL eskalan dauka, teknologia aeroespazialen heldutasun maila neurtzeko NASAk 1980ko hamarkadan ezarri zuen mailaketan.

'Heriotzaren harana'

Fabrikazio alorrean, MRL eskalako 6-7 mailei Heriotzaren harana esaten zaie. Garapen maila horietara iristean, geldotu edo hil egiten dira hainbat eta hainbat ideia eta diseinu, besteak beste, oso arazotsua izan daitekeelako oinarrizko ikerketaren emaitzak egiazko ingurune adierazgarrietara transferitzeko unea.

Heriotzaren haraneko arazoak ahalik eta ondoena saihesteko tresna izango da, beraz, AFAZ, eta euskal enpresei erraztu eta bizkortu egingo die bere produktuentzako ikerketa eta garapen fasetik ekoizpenerako jauzia.

Horrez gainera, ikerketa eta garapenerako erakunde desberdinen arteko sinergia guztiak baliatzea ere helburu izango du AFAZek. Zentroaren inguruan, izan ere, hainbat erakunde eta eragile batzen dira. Horien guztien ordezkariak izan ziren atzo zentroaren inaugurazio ekitaldian, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zutela.

Berez, FAAZek izaera mistoa du, enpresa talde batena eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatearena baita aldi berean. Hori bai, erakunde publikoen babesean abiatu da; hasierako inbertsioaren bederatzi milioi euroetatik Jaurlaritzak bost jarri ditu, eta Bizkaiko aldundiak beste lau milioi euroak. Urteko 1,2 milioi euroko aurrekontuaren %65 ziurtatu dauka zentroak, haren bultzatzaile den enpresa taldetik datozkion kontratuekin. Gainerakoa, deialdi eta halakoetan bilatu beharko du.

Urtarriletik jada lanean dago fabrikazio aurreratuko zentroa eta dagoeneko hamabost proiektu bukatuta ditu. Hamasei egitasmorekin ari da jardunean gaur egun, eta beste 84 ditu abiatu zain.

Ignacio Mataix ITPko zuzendari nagusiaren arabera, zentroak egindako proiektuetatik hamaika jada ari dira fabriketan ezartzen. Haren arabera, «aeronautikako ekoizpen lerro osoan modu koordinatuan teknologia aurreratua ezarri eta garatzeko eragin traktorea izango du zentroak».

Ezagutzaren transferentziarako eredua ere bada FAAZ Nekane Balluerka EHUko errektorearen iritziz, baita « sektore publiko eta eta pribatuaren arteko lankidetzaren adibide bikaina» ere. Norberto Lopez de Lacalle EHUko ingeniaritza eskolako irakaslea da FAAZeko zuzendaria.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, berriz, aeronautika sektoreak EAEko industria BPGaren %6,1 hartzen duela gogoratu zuen atzoko ekitaldian. «2.250 milioi euroko fakturazioa eta 4.520 enplegu zuzen iaz». Iñigo Urkulluk lehendakariaren aburuz ere, «aeronautika sektorea oinarrizkoa da Euskadiren lehiakortasuna bultzatzeko». Fabrikazio aurreratuak laugarren industria iraultzako eraldaketa laguntzen duela ere esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.