EGES sarea sortu dute gizarte ekonomiako bost erakunde nagusiek

Konfekoop, ASLE, Ehlabe, Reas eta Gizateak bat egin dute euren eredua zabaltzeko.Denen artean, 67.600 langileri ematen diete lana

EGES sarearen aurkezpena, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Egungo testuinguruan gutxitan entzuten diren hitzak entzun ziren atzo Euskal Gizarte Ekonomia Sarea (EGES) aurkezteko ekitaldian: «Kalitatezko enplegu egonkorra sortzea sustatuko dugu». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gizarte ekonomiaren arloan lan egiten duten bost erakunde nagusiak (Konfekoop, ASLE, Ehlabe, Gizatea eta Reas) sare batean bildu dira, orain arte egin duten lana «gehiago zabaltzeko». Nahiz eta, Josetxo Hernandez ASLEko kudeatzaileak esan duenez, munduan ez dagoen gizarte ekonomian presentzia handiagoa duen beste lurralderik. Gainerako lekuetako daturik ez du eman, baina esan du sarean 2.357 enpresa daudela; horietan 67.600 langileri ematen diela beharra, eta 9.400 milioi euroren fakturazioak lortu dituztela. Hiru lurraldeetako gizarte enpresa gehienak batu dira EGES sarera, gaur egun 70.600 langilek egiten baitu behar era horretako enpresaren batean —enplegu osoaren %8,26—.

Datu desberdinak eman ditu Gaindegiak. Haren arabera, Euskal Herri osoan, gizarte ekonomiak 75.531 pertsona enplegatzen ditu, lanean daudenen %5,8. Herrialdeen arabera, ezberdintasunak daude:Gipuzkoan %9,8 dira; Iparraldean, %8,2; Bizkaian, %4,5; Araban, %4,3, eta Nafarroan, %3,6.

«Krisiaren aurkako eredua»

Euskal Herrian gizarte ekonomiak duen indarraz jakitun batu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost erakunde nagusiak. Baina, bat eginda, urrats bat eman nahi dute egiten duten lana zabaltzeko, Javier Goienetxea Konfekoopeko eta, atzotik, EGESeko presidenteak azaldu duenez. «Gizarte ekonomiaren hazkundeak Euskadiren orainarentzat eta haren etorkizuneko garapenarentzat dituen onurak euskal gizarteari eta haren eragile instituzional, politiko eta sozialei ezagutaraztea da gure nahia». Horretarako, ikerketak bideratu, gizarte ekonomiaren balioa hedatzeko foro eta jardunaldiak antolatu, edo horren inguruko argitalpenak kaleratzeko konpromisoa hartu du.

Gainera, enpresa eredu hori bultzatzen jarraitzeko arrazoiak dituztela esan du Josetxu Gonzalez Reaseko kideak. «Krisiari aurre egiteko eredu hobea da; batez ere, kalitatezko enplegu gehiagori eusteko gai garelako». Eta hori horrela izan dadin, enpresen sorrerari begiratu dio: «Gizarte ekonomiako enpresak gizartearen behar batetik sortzen dira, eta ez negozio aukera huts batetik soilik». Horregatik, pertsonak, ingurunea eta gizartea lehentasun gisa dituen ekonomia bat «sendoagoa» dela azpimarratu du. Euren eredua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.