Juan Goien. Nafarroako UGTko idazkari nagusia

«Edo lerdoak dira edo arriskutsuak: esklabo eta pobre nahi gaituzte»

Egungo politika ekonomikoak langabezia are gehiago handituko duela dio Juan Goienek, eta funtsezko jotzen du hazkundea eta enplegua sustatzea, bestela gizartea «XIX. menderantz doalako».

joxerra senar
Iruñea
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
«4,8 milioi arrazoi daude. Langabe bakoitza arrazoi bat da». Juan Goien Nafarroako UGTko idazkari nagusiaren arabera (Iruñea, 1953), Espainiako langabe kopurua nahikoa arrazoi da azaroaren 14ko grebara joateko, batez ere egungo politikarekin «langabeziak handitzen jarraituko duelako». Goienek ez daki defizitaren kontrola «gurtu behar den edo ez», baina beharrezkotzat jotzen du hazkundea ere sustatzea. «Enpleguak ez dira dekretu bidez sortzen, eta ez da euro bat jartzen horretarako». Haren irudiko, «Espainian oso gauza larriak» ezartzen ari da PP. «XIX. menderantz joan gaitezke, jauntxoen Espainia hartara». Nafarroan UPN PPren jarraitzaile dela deritzo.

Lehen aldiz, krisiak gehien eragindako Europako herrialdeetan deialdi bateratua egin duzue. Zer mezu eman nahi da?

Europako Batasuneko Kontseiluari, batez ere Angela Merkeli, eta botere ekonomikoei jakinarazi nahi diegu nahikoa dela. Zorroztasun fiskaleko politikak ezartzea ez da aski. Hazkunde politikak ezarri ezean, inoiz ez gara krisi honetatik aterako.

Maria Dolores de Cospedalek esan duenez, «greba ekonomiarentzat kaltegarria dela ukatzea arduragabea izatea da». Zer diozu?

Enplegua suntsituko duela jakin arren lan erreforma aurrera ateratzea, hori da arduragabea izatea; herritarrek pairatu arren, osasuna murriztea; funtzionarioei soldata kentzea eta jasoko ez duten saria kotizatzea; langabezia handituko dela jakin arren, gizarte laguntzak %6,9 murriztea; langileen erosahalmena gutxienekoa denean, BEZa %3 igotzea; doako kaleratzea ahalbidetzen duen lan erreforma ezartzea; kapital ihesa eta zerga iruzurra ahalbidetzea, bozak irabazteko herritarrei iruzur egitea… hori guztia da arduragabe izatea. Ez dezala ardurez hitz egin ardurarik ez duenak!!!

Zer esango zenieke greba egitea merezi ez duela diotenei?

Lehenik, esango nieke galtzen diren batailak direla hasten ez direnak. Ez da bakarrik norberarengan eta orainaldian pentsatu behar. Etorkizun hurbila beltza izango da, eta gizarte osoaren interes orokorrei begiratu behar zaie. Ez du balio damutzea eta pentsatzea «ai, nik egin izan banu…».

Zer ondorio izan du lan erreformak Nafarroan?

Basatia. CCOOk berriki azterketa bat egin du, eta ondorioztatu du erregulazio espedienteak modu esponentzialean handitu direla. Orain ez dute administrazioaren baimenik behar. Gainera, lan erreformak oraindik ikusi ez den efektu dramatiko bat du. Artikulu batean ultraaktibitatea urte batera mugatu arren, praktikoki kentzen da. Ultraaktibitatea kenduta, lan hitzarmenetako negoziazio guztiak hutsetik abiatzen dira, eta hitzarmen berria negoziatu bitartean, estatu mailako hitzarmena ezarriko zaie langileei, baldin badago, eta bestela, gutxieneko soldata. Orain, Nafarroan 27 itun kolektibo daude blokeatuta, eta 63.000 langileri eragiten diete, Nafarroako langileen%20ei, hain zuzen ere.

UGTk beti defenditu du elkarrizketa soziala, baina egokitu behar duzue?

Lan erreformak ezten hilgarria sartu dio kontzertazio sozialari. Gu saiatu gara, eta sinatu dugu lan baldintzen inguruko negoziazio kolektiboko hitzarmen bat CEN patronalarekin. Bertan jasotzen da sektoreko itunek enpresetakoak baino lehentasun handiago dutela, itunik ez duten enpresa txikietako langileentzat gutxieneko aterki bat direlako. Gainera, ultraaktibitatea ezarri dugu lan itunetan. Zer gertatzen da? Konpromiso bat da. Saiatzen gara langileen arazoak leuntzen, eta kasu batzuetan lortu dugu itunak desblokeatzea.

Beteko al du konpromisoa CENek? Eta, bestela, zer egingo duzue?

Ikusiko dugu. Espero dezagun. Bestela, jo eta ke egin beharko dugu horren aurka. Grebaren arrazoietako bat lan erreforma da. Konstituzionalean helegitea ere jarrita dago, eta ikusteko dago zer gertatzen den.

Zer greba mota izango da?

Eduki sozial bat izatea nahi dugu. Hau da, ez da lanean diren langileetara mugatu behar greba. Gizarte osoak parte hartu behar du, ez kontsumituz, manifestazioetan parte hartuz… Gizarte osoak oihuka dezala erreforma eta murrizketen aurka. Uneotan ondorioak ez dituzte langileek soilik pairatzen, gizarte osoak baizik. Erantzunak ez du asimetrikoa izan behar.

Greba prestatzean zer erantzun jasotzen ari zarete enpresetan?

Grebara deitu aurretik, pasibotasuna nabari nuen, baina uneotan ez. Tuteran izan berri naiz, eta nabaritu dut jendea oso motibatuta dagoela.

Aurtengo bi greba orokorretan, kalean istilu gehiago izan dira, baina Poliziaren jarrera ere nabarmen oldarkorragoa izan da. Zer espero duzue?

Irailaren 26koari buruzko erreferentzia zuzenik ez dut. Martxoan, Poliziaren jarrera ez zen Madrilen ikusi izan duguna. Meatzarien martxa amaieran, Polizia probokatzera joan ziren. Irailaren 25ean, Kongresuan ere, manipulatu egin zituzten liskar giro hori bilatzeko. PPk irizpide bat du: askatasun demokratikoak mugatu eta gogo handia dute grebaren legeari eta manifestatzeko eskubideari eskua sartzeko. Hemen ere ostrukaren taktika erabiltzen da, eta justifikaezina da Nafarroako Gobernuak murrizketen aurkako protesta moldeak debekatu nahi izatea eraikin publikoetan.

Sindikatu abertzaleek ez dute bat egin grebarekin. Zer duzu esateko? CCOOko Juanma Molinerok «eskirol» deitu die. Bat zatoz?

Ez ditut beste sindikatuak kritikatuko. Ez da nire egitekoa. Ez dut ulertzen euren posizioa. Uneotan gizartearen interes orokorrei erreparatu behar zaie, eta ez norberaren interesei. Zilegiak dira, baina uste dut interes orokorra dela jan ahal izatea, hilabete amaierara iritsi eta etxeari eustea. Ez estatu bateko edo nazio bateko kide izatea.

LABek, adibidez, erantzun du ez dela fio UGTk eta CCOOk biharamunean egingo dutenaz, eta eskatzen dizue argitzeko zuen helburua.

Gure helburua argia da. Herritarren, bereziki langileen, interesak hobetzea, eta, ondorioz, hori da gure lehentasuna.

Biharamunean, zer egingo duzue?

Exijituko dugu politika ekonomikoa aldatzeko.

Erreforma gehiago datoz. Adibidez, pentsioena.

Europak gomendioak ematen ditu, eta Raxoik pentsioen kutxan eskua sartzen du. Irailean, denon artean jarritako dirutik, 1.600 milioi euro hartu dituzte. Pentsioak arriskuan daude. Eskerrak iazko otsailean pentsio erreforma sinatu genuela; sistema publikoa ziurtatzea ahalbidetu zuen.

Uste duzu zuek sinatutako pentsio erreforma hori onuragarria zela?

Uste genuen orduan sistema publikoa ziurtatu behar zuela eta diru kutxa egon zedila. Erreforma hori egin izan ez balitz, ukituko luketen lehenbiziko gauzetarikoa izango zen.

Nafarroak tartea du zerga erreforma sakon baterako?

Bai, noski, estatuarekin batera. Erreforma behar da ezkutuko ekonomiari aurre egiteko eta kapital ihesa saihesteko. Urtean, 3.000 milioi eurokoa da ezkutuko ekonomiaren tamaina, eta aurtengo aurrekontua 3.500 milioikoa. Ia urteko aurrekontua da!

UPN PPri jarraitzen ari zaio?

Gauza bera egiten ari da, eta adi. Gure arazoa lehiakortasun falta da. Ez da konpontzen BEZa igota, edo langileak botata, edo lana dutenen errenta debaluatuta. Ez da Ikerketa eta Berrikuntza murriztu behar, ez dira enplegu politika aktiboak murriztu behar. Horrek lehiakortasuna galtzen du, eta enplegu gehiago suntsitzen.

Argi dago erabakia hartu dutela: enpresen produktibitatea hobetzea, soilik langileen errenta debaluatuta.

Bai, baina hori gezurra da. Edo lerdoak dira, edo are okerrago, arriskutsuak. Gu pobre nahi gaituzte esklabo egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.