Donald Trump AEBetako presidentearen muga zergen zaparrada badator Europako Batasunera. Oraingoan, gainera, MME Munduko Merkataritza Elkartearen baimena izango du Trumpek. Airbus auziaren harira, izan ere, EBri 6.900 milioi euro arteko muga zergak jartzeko erabakia hartu du MMEk. Haren arabera, EBk legez kanpoko laguntzak eman zizkion Airbus konpainiari A350 eta A380 hegazkinak egin zitzan, eta kalte zuzenekoa eragin zion lehiakide nagusiari, Boeing estatubatuarrari. Aspaldiko kontua da: 2006an jarri zuen salaketa AEBetako Gobernuak.
Gaur egin dute ofizial erabakia, eta ondorioz, EBko produktuen inportazioei tarifak ezartzeko aukera izango dute AEBek, hori delakoan Airbusen laguntza publikoek Boeingi egin zioten kaltea.
Boeingek ere laguntza publikoak jaso zituen AEBetako Gobernuaren aldetik. Kasu hori ere MMEn dago, eta ebazpena, EBren aldekoa, datorren udaberrirako espero da. EBk kalkulatu du 20.000 milioi euro galdu zituela Airbusek.