2022a oro har urte ona izan zen enpleguari dagokionez, eta hala gertatu da elbarritasunen bat dutenentzat ere. Haiei enplegua ematen dieten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizarte ekimeneko zentro bereziek 218 pertsona gehiagori eman zieten lana, eta gainditu egin dute jada pandemiaren aurretik zuten kopurua.
EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteak 2022. urteko balantzea egin zuen atzo, Donostian. Hamalau enpresa eta elkarte biltzen dira hartan, eta horien artean daude Bizkaiko Lantegi Batuak eta Usoa, Gipuzkoako Gureak, eta Arabako Indesa.
EHLABEko presidente Asier Vitoriak azaldu duenez, desgaitasunen bat zuten 8.317 langile ari ziren zentro horietan 2022. urtearen bukaeran, 2019aren amaieran baino gehiago. Sexu aldetik alde handia dago, ia bi herenak gizonak baitira (5.390), eta herenak eskas emakumeak (2.981).
Elbarritasun fisikoa dute %37k, adimen desgaitasuna %29k, gaixotasun mentalen bat %26k, eta zentzumen desgaitasuna %8k.
Adinean aurrera doazenak dira haietako asko. Zehazki, zentro berezietako langileetatik 5.781ek dituzte 45 urte edo gehiago, eta 539 dira 30 urtetik beherakoak. Langileen %77k dute kontratu mugagabea, eta %23k aldi baterakoa.
Iaz gehitutako enpleguetatik, 152 «premia handiagoak» dituzten langileentzat izan ziren. Horien artean sartzen dituzte gaixotasun mentalen bat, desgaitasun intelektuala edo %65etik gorako desgaitasun fisikoa edo sentsoriala dutenak.
EHLABEko kideen beste helburua da elbarriak zentro berezietatik enplegu arruntetara igarotzea, enplegu lagundua deitutakoaren bitartez. Urrats hori 166 langilek egin zuten iaz, eta gehien-gehienak desgaitasun handikoak izan ziren (142).
794 milioiren ekarpena
EHLABEk neurtu egin du bere kideek gizarteari dirutan egiten dioten ekarpena: 794 milioi euro dira. Horien barruan sartzen du bere kideen fakturazioa (338 milioi euro), baina baita desgaitasuna duten langileei ordaindutako soldatak, Gizarte Segurantzako kotizazioak, enplegua aurkitzeko orientazioa eta prestakuntza, eta pertsona horiek enplegua izateak gizarte babesari eta familiei eragindako aurrezkia ere. Diru hori elbarrien enplegua sustatzeko administrazioak emandako laguntzekin erkatu ondoren, ekarpena handia dela azaldu Vitoriak, jasotako euro bakoitzeko zazpi euro sortu baitituzte.
Batez ere industriako lanetan aritzen dira EHLABEko kideak. Sektore horretan 238 milioi euro fakturatzen dituzte, eta gainontzeko ehun milioi euroak, zerbitzuetan. Gero eta atal gehiagotan aritzearen «balio gehigarria» nabarmendu du Vitoriak. Batetik, dibertsifikazioak ekonomikoki ematen duen abantailarengatik —sektore baten urte txarra beste batek konpentsatu dezake—; eta, bestetik, gero eta jarduera gehiagotan arituz gero aukera gehiago dagoelako desgaitasun bakoitzera egokitutako enpleguak eskaintzeko.
Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu kontseilariordea ere izan da aurkezpenean, eta goretsi egin du desgaitasunen bat dutenak laneratzeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortu den eredua. Haren esanetan, «erreferentea» da Europan, lan ibilbide osoan aritzen baita haiekin.
Desgaitasunen bat dutenentzako zentroek 218 lanpostu sortu dituzte
EHLABEko kideek pandemia aurreko enplegu kopurua gainditu dute.. Diru publikotik jasotzen duten euro bakoitzeko, zazpi sortzen dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu