Corrugadoseko langileek haserre hartu dute beren kaleratzearen aldeko epaia

Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, Gallardo taldeak bazuen arrazoirik erregulazio txostena aurkezteko

Corrugados Lasaoko langileak, 38 lankideren kaleratzea salatzen, iazko maiatzean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Urola Kostako Hitza
2014ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Iritsi zaie Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileei Espainiako Auzitegi Nazionalaren erantzuna, eta ez da izan haien gustukoa. Izan ere, epaileak Gallardo taldeari eman dio arrazoia, eta justifikatu egin du2013an aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostenaren egokitasuna. Sententziak ontzat ematen du kaleratze kolektiboa, «arrazoi ekonomiko eta produktiboak frogatu zirelako». Era berean, hartutako neurriak «arrazoizkoak» direla uste du epaileak. Gainera, epaiak dio enpresak legeak eskatzen dizkion baldintza guztiak bete zituela; beharrezko dokumentazioa eman zuen, eta «gogo onez» negoziatu zuten, «euren egoera latzean eskain zezaketen guztia eskaini zutelako». Gallardo taldeak 2013ko apirilean aurkeztu zuen txostena onartzeak Azpeitiko lantegia ixtea eta Lasaoko 38 langile kaleratzea dakar; baita Extremadurako lantegietako 34 langile kaleratzea ere.

Gaizki hartu dute epaia Corrugadoseko langileek; batetik, haien aurkakoa delako, eta, bestetik, ez zaielako zuzenean jakinarazi. Astelehen gauean izan zuten sententziaren berri, enpresako giza baliabideetako arduradunak telefonoz deitu baitzion langileen ordezkari bati. «Ordurako, ordea, Espainiako komunikabideetan filtratua zegoen dena, gure harridurarako», azaldu dute ohar batean langileen ordezkariek. «Lotsagarria eta onartezina da gatazka honetan kaltetuena den alderdiak, langileok, honen berri nola jakin dugun. Hauek dira Espainiako ustezko justizia gorenak erabiltzen dituen moduak». Gaineratu dute «beste behin ere» argi gelditu dela justiziaren aurrean pertsona guztiak ez direla berdinak.

Epaiaren balorazio sakonago bat ondoko egunotan egingo dute langileen ordezkariek. Aurretik, LAB eta ELA sindikatuetako arlo juridikoek aztertu nahi dute. Azterketa horren ostean erabakiko dute zer egingo duten. Epaiak zabalik utzi du Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko aukera.

Enpresaren oharra

Langileak baino nabarmen gusturago azaldu da Gallardo taldea. Haren iritziz, epaiak justifikatu egiten ditu kaleratzeak eta Azpeitiko plantaren itxiera. «Taldearen gainerako lantegien etorkizuna eta bideragarritasuna bermatzeko beharrezkoa zela ebazten baitu», esan du, ohar baten bidez hark ere. Erregulazioa eskatzeko, Azpeitiko lantegiak ehun milioi euroren baino gehiagoren galerak zituela argudiatu zuen Extremadurako enpresak, eta altzairu korrugatuen eskaera gutxitu egin zela eraikuntzaren burbuila lehertzearekin batera.

Joan den urtarrilaren 27an izan zuten epaiketa Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileek eta Gallardo taldeak. Langileek bazekiten zaila zela Espainiako Auzitegi Nazionalean lortzea Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegietan jasotako babesa. Baina, epaiketatik ateratzean, bazituzten itxaropen izpi batzuk. Izan ere, fiskalak langileen alde egin zuen azken hitzean, Gallardoren txostenak Espainiako Konstituzioaren artikulu baten aurka egiten zuela argudiatuta. Gallardo taldeak aurkeztutako frogak eta emandako argudioak «ahulak eta faltsuak» zirela adierazi zuten orduan langileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.