BILBO. Batuz, ekonomia jardueren etekinak bitarteko elektronikoen bidez kontrolatzeko sistema da, eta horren parte da Ticket Bai programa. Joan den astean, BERRIAk eginiko erreportajean sistema berri horren inguruan enpresa txikiek dituzten kezka eta ezinegonak bildu zituen. Bada, pandemiaren ondorioz gehien kaltetu diren zergadunek Bizkaiko Foru Ogasunari helarazi dizkioten arazoak direla eta, Batuz atzeratzea erabaki du aldundiak, «gaur egun ez daudelako nahitaez ezartzeko baldintza egokiak». Hala, Batzar Nagusiei bi urteko atzerapena proposatuko die. Dena den, 2022 eta 2023 bitartean sistema ezartzen duten autonomoentzat, mikroenpresentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat, konpentsazioak eskaniko ditu.
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak azaldu duenez, «Batuz proiektu estrategikoa da Bizkaiarentzat, iruzurraren aurkako borroka indartzen duelako eta zergadunen laguntza hobetzen duelako», baina gaur egun ez dago baldintza egokirik krisiaren «ondorio txarrenak» pairatzen ari diren zergadunek hura onartzeko. Azaldu du sektore ezberdinek eman dietela horren berri, elkargo profesionalekin, enpresaburuen elkarteekin eta aholkularitza fiskalarekin egindako bileretan. 2024a baino lehen martxan jartzen duten enpresentzat «pizgarriak» izango dira, dena den. Datorren urtarrilaren 1etik aurrera ezartzen duten negozioek %15eko murrizketa izango dute PFEZan edo sozietate zergan.
Bizkaiak bi urte atzeratu du enpresentzako Batuz sistema
2024ko urtarrilaren 1era arte atzeratu du, krisiaren ondorioz antzemandako zailtasunak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu