Atzo hasi zituzten sindikatuek Mercedeseko lanuzteak. Sindikatuen arabera, lehen greba egunak ia erabateko babesa izan zuen, baina agerian geratu zen langile batzordearen zatiketa. Gaur, ordea, ELAk, LABek eta ESK-k proposamena bota diete batzordeko beste sindikatuei: ekainaren 29an eta 30ean besterik ez egitea lanuzteak, sindikatu guztien artean.
Hori ez zen hiru sindikatuen hasierako asmoa: geldialdiak deituta zeuzkaten ekainaren 27rako, 28rako, 29rako, 30erako eta uztailaren 1erako. Datorren asteko astelehenetik ostiralera, hain zuzen. Banatuta ekin zien langile batzordeak mobilizazioei, baina iritzia aldatu du alde batek. Orain, ELA, LAB eta ESK prest agertu dira bertan behera uzteko hilaren 27rako eta 28rako eta uztailaren 1erako geldialdiak.
Baldintza batzuen pean egingo dute hori: langile batzordearen beste aldeak –UGT, CCOO, Ekintza eta PIM– «konpromiso argi» bat erakustea gaueko seigarren txandaren aurka, eta hilaren 29rako asanblea orokorra antolatzea. Helburua Mercedesen mobilizazioetan «ahalik eta batasun handiena» izatea da.
Sindikatuak jada lerratu dira bi greba egunak direla eta: Ekintzak onartu egin du; CCOO prest legoke, «betiere batzorde dena bat baletor»; UGTk eta PIMek «buelta bat» eman nahi diote kontuari ezer erantzun aurretik.