Lan gatazkak

Bi greba egun bateratu adostu dituzte Mercedeseko sindikatuek

Lanuzteak ekainaren 30ean eta uztailaren 6an egingo dituzte ELA, LAB, ESK, UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek. «Denak batera eta pankarta berarekin» irtengo dira langileak.

Ekainaren 22ko Mercedeseko langilen lanuztea. JAIZKI FONTANEDA /FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 27a
16:11
Entzun

Hiru ordu iraun du Mercedesen langile batzordearen gaurko bilerak, baina lortu dute adostasuna sindikatuek. ELAk, LABek, ESK-k, UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek beren arteko desberdintasunak alboratu dituzte, eta bi greba egun bateratutara deitu: ekainaren 30ean eta uztailaren 6an, «denak batera eta pankarta berarekin» irtengo dira langileak.

Joan den asteazkenean ekin zieten Mercedeseko sindikatuek lanuzteei. Inoiz ez bezalako erantzuna izan zuen deialdiak –5.000 behargin inguru zeuden grebara deituta, eta %95 inguruk egin zuten bat–. Mercedeseko langile batzordearen arteko zatiketa agerikoa zen, ordea. Biharamunean, ELA, LAB eta ESK sindikatuek gainontzekoei proposatu zieten batera joateko. Hala, gaur ados jarri dira bi aldeak.

Aldarrikapen hauek egingo dizkio langile batzordeak Mercedesen zuzendaritzari: hitzarmen duina eta justua, gaueko seigarren txandaren ezetza, eta KPIaren araberako soldata igoerak.

Batzordeak akordio bat lortu badu ere, ELAk, LABek eta ESK-k aurrera jarraituko dute ekainaren 29ko lanuztearekin. Egun bertan batzar bat egin, eta han erabakiko dute uztailaren 1eko deialdia bertan behera utzi ala ez.

Arabako metalarekin batera

Datorren osteguneko (ekainak 30) Mercedeseko plantillaren mobilizazioa ez da Araban deituriko bakarra. Arabako metalgintzako sindikatuak ere kalera irtengo dira SEA patronalari lan hitzarmen berri bat eskatzeko. Bi deialdiok 11:30ean abiatuko dira Gasteizko Bilbo plazatik. Arratsaldean berriro bilduko dira Mercedeseko sindikatuak; Probintzia plazan jarraituko dute grebaldia, 18:30ean. Uztailaren 6an, 10:30ean, Mercedesen lantegi inguruan bilduko dira langileak. Arratsaldean, berriz, Bilbo plazan, 18:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.