Nando Anguiano. Laminaciones Arreguiko langile batzordeko burua

«Berriz zapal ez gaitzaten ikasi dugu»

Uste du zuzendaritzaren ildo aldaketak eragin zuzena izan duela gatazka konpontzerakoan, eta urteotako borroka «mugarri» bihur daitekeela: «Fruituak dakartzala ikusteko balio du presioak».

Oihan Vitoria.
2016ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Pozarren hartu du Laminaciones Arreguiko beharginen ordezkari Nando Anguianok (ELA) lau urteotako amesgaiztoa amaitutzat jo izana. Zuhurtziaz mintzatu da, halere, ez baita erabat fio: «Badirudi bukatzear dagoela hainbeste buruhauste sortu dizkigun gatazka, baina akordioa oraindik ere ez dago sinatuta; idazketa fintzea eta xehetasun batzuk zehaztea falta zaigu, analisi okerrak eragozteko». Espero du «bakerako oinarri» izatea datozen bi urteotan.

Lan gatazka luzeak izan dira Araban, baina sekula ez Laminaciones Arregui konpainiaren parekoak. Inoiz pentsatu al zenuten auzia hainbeste luzatuko zenik?

Ez, sekula. Gatazkari ekin genionean gure hitzarmenaren eta lan baldintzen alde ari ginen negoziatzen, jomuga batekin: lan erreformari bizkar ematea, deskarrilatutako tren bat balitz bezala sartzen saiatu ziren arren. Pentsatzen genuen hilabete batzuetako kontua izango zela, baina inondik ere ez genuen espero 2016ra irits gintezkeenik zauri ireki honekin.

Itxialdiak, grebak, manifestazioak, batzarrak... Gorabehera handiak izan arren, epaileak aurrez aurre izan ditu behin eta berriz zuzendaritzak, eta arrazoia eman dizuete langileei. Ezustean hartu duzue?

Juridikoki gatazka batean sartzen garenean, badakigu epaiketaren erdia galtzen hasten dugula. Zaila da jakitea, ostera, nork irabaziko duen, baina zortea izan dugu. Sagardoy abokatu bufetea lan erreforma eskubideen gainetik ezartzera etorri zen, dena ematera, eta lotsa-lotsa eginda joan da, era traketsean: buztana hanka artean.

Epaitegiei izkin egiten saiatu dazuzendaritza: itzulerak atzeratzeko, oporrak aldez aurretik eta urteko zubi guztiak hartzera ere derrigortu zintuzteten.

Hori bakarrik ez. Oraindik pagatu ez dituzten trebakuntza saio batzuetara ere bidali gintuzten, langileok geure lanpostuak ez berreskuratzeko. Oso tristea da nola ustez erreminta aski dauzkan demokrazia batean politikari, gizarte eragile eta ikuskatzaileek ez duten ezertxo ere egiten enpresa bati [EAEko] Auzitegi Nagusiaren eta epaitegien epaiak betearazteko. Enpresek aurpegira barre egiten diote sistemari, eta zigorrik ez dute jasotzen trukean.

Ustel atera zaizkio saio denak, aldiz. Urrian, 79 langile lanera itzuli ziren Gasteizko lantegira hiru urte eta erdiren ostean, EAEko Auzitegi Nagusiak agindua betez.

Itzuli ziren, baina hiru aldiz kaleratuak izan ondoren. Zigorrak eta kalte-ordainak saihesteko beste biderik ez zitzaion geratu enpresako zuzendaritzari; orduan bai, orduan gogor jarri ziren epaileak.

Hasieran, 90 kaleratze eskatu zituen Celsa Atlanticeko zuzendaritzak; bi lantegiak itxi eta 358 lagun kalean utzi nahi zituen gero. Nola arrazoitu zizuen aldaketa?

Ez zigun inolako azalpenik eman. Soldatak eta baldintza sozialak murriztu nahi zituen. Beharginei galdetu genien orduan, eta grebara jo genuen. Langileak botatzeko dosierrari buruzko informazioa aurrez aurre ere ez ziguten eman.

Duela lau urte hasitako gatazka bukatzeko oinarriak onartu ditu orain Celsa Atlanticek. Zergatik ez lehenago? Zertan aldatu da?

Hasieratik abisatu genuen xantaia huts bat zela lan baldintza duinak exijitzeko grebara jo eta 24 ordura enpresa ixteko mehatxuak jasotzea. Hortik aurrera, beharginak kaleratzen hasi zen zuzendaritza, fede txarrez, eta greba eskubidea sistematikoki urratu zuen: lanera joan ezean, botako gintuztela esaten ziguten. Horregatik, kaleratze guzti-guztiak hasieratik baliogabetzat jo beharko lituzkete, lan erreformak eragindako mina saihesteko.

Babesgabe sentitu zarete?

Ziurgabetasun erabatean. Enpresak epaiak betetzearen zain eta auzitegien irizpideen menpe egon gara. Huts legalak igarri ditugu, langileoi langabezia sariak amaitu zaizkigun bitartean. Kate mailarik ahulena jo dute berriro.

Kudeatzaile aldaketak eragina eduki al du jarrera aldaketan?

Borondatezko lan utzialdiak egon zitezen, erretiro aurreratuak bultzatzeko neurriak hartu beharko lituzkeela ohartarazi genion zuzendaritzari, eta kostata, baina men egin behar izan zien eskariei. Hori bai, ez zuen amore eman, eta alde batetik bota ezin gintuenez, bide berrietan murgildu zen. Arduradunen mendeku gosea begi bistan utzi zuen horrek, eta osorik ordezkatu zituzten, kaskar jarduteagatik. Kudeatzaile aldaketak zerikusi zuzena izan du gatazkaren konponketan, jokalekua berria baita: oraingo abokatuen aldartea beste bat da, ez hain atzerakoia, eta zuzendaritza berria ere bideragarritasuna bermatzearen aldeko pausoak ematen hasia da.

Bideragarria al da konpainia?

Bai, punta-puntako makinak ditugu, toki estrategikoan gaude, eta ondo ekoizten dugu. Itunarekin gutxienez bi urtez bakea ziurtatzea adostu dugu, eta, 2018an enpresak arazoak baditu, langileak babesgabe ez geratzea. Ez da erraza izan, baina aurki normaltasunera itzuliko gara. Ustez sobera dauden ehun langileak lanean egotea eta iraupenaren alde jarritakoa 2026rako berreskuratzea da apustua.

Zuzendaritzak lantaldea txikitzeko atea zabalik utzi du, ordea.

Bai, baina dosierragatik galdutako langabezia sarien diru kopuru bera bermatuko luketen klausulak jaso ditu akordioan. Homogeneotasuna sendotu eta diskriminazioak saihestuko ditugu horrela. Berriz zapal ez gaitzaten ikasi dugu iraganeko hutsetatik: bi hamarkadotan istripu larri eta hilgarri gehien izan dituen enpresa gara, eta esku hartzea dagokigu hori berriz gerta ez dadin.

Gatazka amaitzeko moduak eragina izango du beste kasuetan?

Mugarri izan gaitezke, ez salbuespen, enpresa askok segitu baitute geuk hasitako bidea. Ikasgai ederra da ikusteko batzordeek rol garrantzitsua dutela: presioak fruituak dakartzala. Hamasei urte lanean daramatzanak irteera duina merezi du, ez ostikada batez kaleratua izatea. Langileek sostengatzen dituzte enpresak, eta jabeek jakin behar dute eskariei men egiten ez badiete txanponaren ifrentzua datorkiela: borroka sutsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.