Ugo Biggeri. Fiare Banca Eticako presidentea

«Banku kooperatiba izan daiteke aliatu bat; zehazki, Laboral Kutxa»

Finantza sistemari etika eta gardentasuna eransteko ari da lanean Biggeri. Laboral Kutxa aliatu posibletzat jo du, baina, dioenez, gizarteak haren sustrai soziala ez du garbi ikusten: «Beste bankuen pare ikusten du».

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Finantza sistemari buruz hitz egiten duenean ez ditu hitz ederrak harentzat: ekonomiaren eta politikaren gidariak direla, ez daukatela gardentasunik eta espekulazioan oinarritzen dela haien jarduna. Kritikatu egiten ditu bankuak, baina ez du ahotsik altxatzen. Bare eta lasai hitz egiten du Ugo Biggeri (Florentzia, Italia, 1966) Banca Eticako presidenteak. 1990eko hamarkadan, Banca Popolare Etica sortzeko lehen pausoak eman zituen bere sorterrian, eta iaz, Fiare euren proiektuan barneratu, eta Fiare Banca Etica sortu zen. Gardentasuna dute bandera nagusia, eta hori eskatzen die gainerako bankuei ere, «jendeak erabaki dezan ondoren nora joan».

Zer alde dago banku normal baten eta etiko baten artean?

Alde handiena gardentasuna da. Guk, maileguak nori ematen dizkiogun erakusten diogu gure bezeroari, eta kontu guztiak ikusteko moduan jartzen ditugu une oro. Azken finean, banku etikoak galdera bati erantzuten dio: non dago aurreztailearen aurrezkia? Nola jakin dezakegu hori ez dela marketin hutsa? Horretarako, gardentasuna oso garrantzitsua da, bezeroek une oro ikus dezaketelako zertan erabiltzen den euren dirua. Guk mundua aldatzeko tresna baliagarri gisa ikusten dugu finantza sistema, bankuetan dagoen aurrezkiak ekonomia biziberritzeko tresna izan beharko lukeelako. Eta ez da horrela. Bankua da ekonomiaren energia, eta hori blokeatzen bada, dena blokeatzen da. Bestela, ez zuten bankuan eskurik sartuko sartu zuten bezala. Hori ulertzen bada, galdera da: Zein banku nahi dugu? Non jarriko dugu energia? Esan dezakegu finantza txarra dela, baina dena ere ez da txarra.Banku denak ez dira berdinak. Energia non jarri behar luketen galdetzen dutenak dira banku etikoak.

Etika batzorde bat duzue, zertan inbertitu erabakitzeko. Zein da etika? Ikuspegi ezberdinak egon daitezke...

Ezin zaio beldurrik izan ikuspegi ezberdinak egoteari. Kontua da, erantzunean gardena bazara, hori da finantza etikoa. Gero, zuk esan dezakezu ez duzula proiektu bat finantzatu nahi. Nik pentsa dezaket ardo biologikoa finantzatzea ondo dagoela, baina zuk ezetz diozu. Ados, nik esan egiten dizut, eta konforme ez bazaude, beste banku batera joan zaitezke. Bide horretan lan asko dago egiteko, jendeak ohitu behar duelako galdetzera nora doan bere dirua.

Zer finantzatu erabakitzeko garaian, ordea, marra gorriak izango dituzue.

Guretzat gauza asko daude finantzatu ezin direnak: armak, pornografia, tabakoa... Argi daukagu, halaber, ez dugula espekulaziorik egingo. Baina hori prozesu negatibo bat da, ezetz esatea. Prozesu positibo bat nahiago dugu, esanez proiektu biologikoak edo sozialak finantzatuko ditugula. Hori jakinda, halakoen bila hasten gara.

Proiektu horiek zer arrisku izaten dute?

Interesgarria da kontu hori. Italian lanean hasi ginenean, hirugarren sektorean hasi ginen inbertitzen batez ere. Italiako bankuak zioen sektore horrek arrisku handiagoa duela enpresan inbertitzeak baino. Hamasei urte geroago zer gertatu da? Banku etikoa kaudimentsuenetako bat dela, arrisku gutxien duelako. Maileguak non jartzen dituzun ondo begiratzen baduzu eta dirua hartzen duenak helburu argi bat badauka, proiektua ahula izan daiteke, baina porroterako arrisku gutxiago du. Helburu zehatz bat duelako. Hori kontuan hartuta, itzultzen ez den dirua %2 da gure bankuan; Italian, berriz, %10 da. Finantzatzen ditugun proiektuen arriskua txikiagoa da.

Hori izan da, hain zuzen, finantza krisia lehertzeko arrazoietako bat...

Hala da. Galdera egin beharko genuke estatuak zergatik hartu duen parte bankuak erreskatatzeko garaian. Finantza sistema blokeatzeko beldurra duelako hartu du parte. Bankuak salbatu ondoren, gainera, ez da araurik jarri, eta hori da krisi honek izan duen txarrena. Bankua salbatu ondoren, gizartearen beharrei gehiago erantzun beharko lieke bankuak, herritarrengandik gertuago egon. Inongo herrialdetan ez da hori gertatu. Ekonomiak librea izan behar duela diote, eta hori arazo bat da. Bankuak erreskatatzeko dirua eman zen, baina ez da lan egiteko modua aldatu.

Zer aldatu beharko litzateke?

Bi banku mota daude: inbertsio bankuak eta merkataritza bankuak. Merkataritzakoak, aurrezkia hartu eta mailegatu egiten du. Inbertsio banku batek, bestetik, inbertsio konplexuagoak egin ditzake, espekulatu, besteak beste. 2000ko hamarkadan bi bankuak bananduta zeuden, eta ezin zuten gauza berdina egin. Egun, nahastuta daude, eta, hain zuzen, horregatik lehertu zen krisia. AEBetako aurreztaileen maileguak ez zeudelako banku batean, mundu guztian saldu ziren finantza produktuetan baizik. Hori aldatu beharra dago, eta Europan ez da ezer egin bide horretan.

Beste krisi baterako arriskua ikusten duzu orduan?

Bai.

Aldaketarik egon da, ordea. Aurrezki kutxak desagertu egin dira.

Bai, hala da. Banku denek irabazien logikaren barruan lan egin dezatela nahi dute, eta hori faltsukeria bat da. Kaudimen handiko aurrezki kutxak ere pribatizatu dira, eta hor garbi geratzen da finantzak gidatzen duela politika, eta ez alderantziz. Herritar gisa lan egin behar da presio egiteko.

Hego Euskal Herrian, hala ere, banku eredu ezberdinak daude, kooperatiboak kasu. Hor dago Laboral Kutxa, hirugarren finantza erakundea. Oinarri sozial batetik abiatutako banku bat da, zuek bezala. Baina beste bankuek bezala jokatzen dutela esan izan duzu. Zergatik?

Hasteko eta behin, finantza sisteman aldaketa bat izan behar dela esaten dugunean, ez dugu pentsatzen Fiare banku handi bat bihurtu behar denik. Hori argi utzi nahiko nuke. Hala ere, aliatuak bilatu behar ditugu bide honetan, eta banku kooperatiba bada aliatu posible bat. Zehazki Laboral Kutxa. Espero dugu etorkizunean haiekin harremanak izatea. Beste leku batzuetan ere beharrezkoa da arrazoi etikoak dituzten bankuak izatea. Hala ere, eta hori esan ondoren, askotan susmoa daukat jendeak ez ote duen ahaztu banku horien jatorria zein den. Ez du ulertzen zein alde dagoen Santander eta Laboral Kutxaren artean, zerbitzua ikusten dutelako eta ez lorpen kolektiboa. Horregatik, batera lan egiteko moduak bilatu behar ditugula iruditzen zait.

Baina ez da banku etikoen parte. Nola sar daiteke etika bankuetan?

Hasteko eta behin, azaldu beharko lukete zergatik diren ezberdinak. Eta, ondoren, esan beharko lukete non egin behar dituzten aldaketak. Lan kultural handia egin behar dute bankuek, eta bide horretan oso erraza daukate euren kontuak erakustean. Ez da horren zaila, baina askotan ez da horrela egin nahi izaten.

Zergatik ez? Publiko egingo balitz, jendea suminduko litzatekeelako?

[Barreak] Bai, beharbada bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.