Auto garbiagoa erosteko laguntza emango du Madrilek, gaur hasita

Autogintza suspertzeko 3.750 milioi euroko plan bat onartu du, eta horren barruan, pizgarriak

Bilboko auto kontzesionario batean lanean, koronabirusaren aroan. LUIS TEJIDO / EFE.
xabier martin
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Autogintzak doministiku egiten duenean Europako ekonomia dardara batean hasten dela ezaguna da, sektore horrek industrian duen pisua dela eta. Bada, Espainiako Gobernuak 2008ko krisiaren haritik onartu zituen PIVE planen espiritua berreskuratzea erabaki du, eta, gaur hasita, auto berrien erosketa lagunduko du, betiere hamar urtetik gorako autoak errepidetik kentzeko baldintzarekin. Laguntza estandarra 2.000 eurokoa izango da; kopuru horren erdia kontzesionarioak berak jarri beharko du. Motorren arabera pizgarri handiagoak edo txikiagoak egongo dira, ordea.

Europako beste estatu handi batzuen antzera, Pedro Sanchezen gobernuak autogintzarentzako plan handi bat onartu du hiru urterako, 3.750 milioi euroko aurrekontua duena; koronabirusaren aurretik jadanik neke handia islatzen zuen sektore hori goitik behera erori da azken hilabeteetan, eta sektoreari zutik eusteko helburua du planak. Inbertsio handiak jasotzen dituen ekinaldiaren barruko pizgarriak dira erosleei eskainitakoak, zeren, merkatua suspertzeaz gainera, sektore osoari hauspoa ematea baita haren azken helburua.

Auto elektrikoa erosteko laguntza handiagoak emango ditu Espainako Gobernuak, baina teknologia guztietako motordun autoak lagunduko ditu, baita gasolina eta diesel motorrekoak ere; erosleek bihartik eskatu ahal izango dituzte pizgarri horiek. Finean, 350 milioiko funts bat erabiliko dute autoa erosteko. Horietatik, 100 milioi euro auto elektrikoak erosteko laguntzak izango dira, eta gainontzeko 250 milioi euroak bestelako autoak, kamioiak eta autobusak erosteko izango dira; industriak horrela nahi zuen, erregai bidezko motorreko autoak saldu gabe nekez baita bideragarria negozioa gaur-gaurkoz. Dena den, hamar urtetik gorako autoak utzi beharko dira berri eta garbiagoen truke laguntzak baliatu ahal izateko.

Autoa erostean jasoko diren kopuruak aukeratutako motorren araberakoak izango dira. Laguntza estandarra 1.000 eurokoa izango da, eta kontzesionarioak beste horrenbeste jarri beharko du. Beraz, erosleek 2.000 euroko laguntza eskaturatuko dute autoa erosteko. Baina laguntza hori handiagoa edo txikiagoa izango da motorraren zenbait ezaugarri kontuan hartuta. Are, 20 urtetik gorako autoak erretiratzeko laguntza gehigarriak egongo dira, baita 1.500 eurotik beherako diru sarrerak dituzten familientzat ere.

Etengabeko laguntzak

Autogintza suspertzeko Madrilek inoiz martxan jarritako planik handiena da atzo onartutakoa, eta sektoreko patronalaren ordezkariekin batera plazaratu zuen Sanchezek. Izan ere, auto erosketa soilaz gain, enpresen inbertsioak, ikerketa eta garapena, laguntza fiskalak eta beste neurri batzuk jaso ditu.

Atzeraldi Handian ere, Espainiako Gobernuak zortzi PIVE plan gauzatu zituen, 2012. urtean hasi eta 2016. urtera arte. Guztira 1.115 milioi euroren laguntzak jaso zituzten autogintzako enpresek beren ibilgailuak saltzeko, eta 1.173.000 eroslek baliatu zituzten laguntza horiek. Orduan bezala, orain ere gainbehera izugarria izan dute auto salmentek. Martxoa oso hilabete txarra izan zen, eta are okerragoa apirila. Urtea hasi denetik 10.173 auto berri matrikulatu dituzte Hego Euskal Herrian, iaz baino %54,3 gutxiago.

Eusko Jaurlaritzak ere hogei milioiko Renove plan bat onartu berri du auto erosketa bultzatzeko. Funts berezi horri esker, etxetresna elektrikoak eta ibilgailuak erosteko laguntzak emango ditu. Ikusteko dago nola egituratuko diren laguntza desberdinak, eta batez ere osagarriak izango ote diren ala ez. Auto elektrikoa erosteko Madrilek 2019. urtean jarritako MOVES laguntza ez zen bateragarria izan Gasteizek eskainitako Renove planarekin.

Fabrikei eusteko saioa

Espainiako Gobernuaren planaren ezaugarriak ikusita, garbi dago Sanchezen taldeak ez duela bakarrik auto salmenta suspertu nahi; horrez gain, autoak ekoizteko fabrika handiak bere lurraldean geratzea ere badu helburu gisa. Frantziak eta Alemaniak funts publiko handiak iragarri dituzte beren konpainiak lagundu eta, ahal dela, ekoizpen kateak beren herrialdeetara ekartzeko.

Bada, Madriek 415 milioi euro bideratuko ditu ikerketa eta garapenerako, eta 2.690 milioi euro inbertsiorako, multinazionalek beren instalazioak berritzeko, alegia. Gainera, beste 95 milioi egongo dira profesionalen trebakuntza eta kualifikazioa hobetzeko. BPGaren %10 da autogintza Espainiako ekonomian, eta 650.000 enplegu zuzen ematen ditu; zeharka, askoz ere gehiago. Madrilek plana onartu duela eta, sindikatuek «konpromisoa» eskatu diete multinazionalei enpleguari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.