Zorraren krisia. Goi bileraren atarian. Analisia

Piromanoen modura

joxerra senar
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Nahikoa dute rating agentziek! Iragan astean, Italiaren zorraren interes tasak gori-gori zeudela eta sua euroguneko beste herrialdeetara zabaltzen ari zela, Moody'sek bere hipotesi ezkorra eta are ezkorragoa kaleratu zuen, sutara erregaia botatzen duen piromanoen modura. S&Pk ere Frantziako komunikabideei ezkutuan pasatu zien egun gutxiren buruan Nicolas Sarkozyren amesgaiztoa gauzatuko duela: hots, Frantziak A hirukoitza galduko duela. Orain, publikoki dio euroguneko beste bost estatuk galduko dutela. Alemaniak barne.

Behingoagatik nabarmen geratu da. Nola liteke EBko kontseiluak eta bereziki euroguneko gobernuek beren konponbiderako hitzarmena kaleratu aurretik, S&Pk esatea A hirukoitza duten sei herrialdeek kalifikazio gorena galduko dutela? Adibide bat ematearren: azterketa erabakigarri bat egin aurretik, gaia oso zaila delako irakasle batek nota txarrak banatzeko arriskuaz ohartaraziko balu bezala da.

Erresuma Batuko analista ezagun batek dio «trakets» jokatu badu ere gobernuak xaxatu nahi izan dituela akordio bat lor dezaten. Eskerrak! Ez dut uste euroguneak inongo agentziaren iritzia behar duenik gaiaren garrantziaz jabetzeko.

Horiena ez da iritzi soil bat, merkatuak baldintza ditzaketelako, eta merkatuek, era berean, herrialdeak. Porrot nabarmena egin zuten Wall Streetek sortutako zaborrari kalifikazio gorena emanez; baina Obamak, zeinak Europari lezioak eman nahi dizkion,ez du oligopolio hori ukitu, eta hor jarraitzen dute S&Pk, Fitch-ek eta Moody'sek finantzetako ongiaren eta gaizkiaren gainetik, zorraren arbitro gisa. Hori bai, arbitrariotasun handiarekin. Erresuma Batuak, zeinak barne produktu gordinaren %146ko zorra duen, nolatan euste n dio A hirukoitzari? S&Pk udan Ameriketako Estatu Batuei kalifikazio gorena jaitsi zion, zorra etetear izan zuenean. Badirudi liberak eta dolarrak inprimatzea txeke zuria direla agentzia horientzat. Baina erru osoa euroarena da, aizue. Krisia euroan hasi eta amaitzen omen da.

Behingoagatik, Europak ozen kritikatu du. S&Pk «motibazio politikoei» erantzuten diela salatu duEBZk. Izan ere, mundu guztiari komeni zaio euroa ez erortzea, baina ez dirudi mundu guztiari komeni zaionik euroa sendotzea.Hipotesi horretan, Erresuma BatuakEuroparen eta Cityaren artean hautatu beharko luke, eta krisiaren egiturazko desoreka nagusia epizentrora itzuliko litzateke, hots, AEBetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.