Iragarpen zehatzak eta aipamen zehazgabeak tartekatu ditu Mariano Raxoik bere inbestidura hitzaldian. PPko burua ezagututa, gehiegi zen eskatzea egin nahi dituen guztiak kolpe batez aurreratzea, batez ere onartu baitu haiengatik txalo gutxi jasoko dituela.
Inbestidura hitzaldiaren zati handiena arazo gutxirekin egin zitekeen —azken urte eta erdiko— Zapateroren ahotik. Gastuaren murrizketa, austeritatea, defizit mugak... Aldaketa batekin: hura ez bezala, PPko buruak ez ditu adjektiboak aurreztu egoera txarra dela esateko. Enpleguazedo haren faltaz hitz, kezka eta datu asko, baina iragarritakoek —gazteak kontratatzea saritzea eta enpresa txikiei zerga gutxitzea— ez dute lanpostuak sortzeko leku handirik uzten, beste alde batetik guraizeak zorrotz daudenean.
Murriztuko ez duen bakarra pentsioak direla dio Raxoik, baina hor ez du egia osorik esan. Pentsioa jaso ahal izateko kotizazio urte gehiago kontuan hartuko direla esan du, lan bizitza osoa aipatzera iritsi gabe. Horrek, gehienentzat, pentsio txikiagoa jasotzea dakar. Bide batez, zer egin zuen PPk PSOEk kotizazio aldia hamabost urtetik 25era igo zuenean? Kontrako botoa eman. Eta beste hainbeste erretiroa 67 urtean uzteko kontuarekin ere. Erretiro aurreratuak ere kendu nahi ditu, batik bat haren lagun bankariek lan taldeak argaltzeko gogotik hartutako neurria.
Baina agian garrantzitsuena ez du esan Raxoik: gastua benetan nola murriztuko duen. Administrazioa bikoizteaz eta enpresa publikoak gutxitzeaz hitz egin du, baina hortik ez ditu berehalakoan 16.700 milioi euroak lortuko. Gainera, kopuru horri ehunka milioi batzuk gehitu beharko dizkio, Espainiak aurten %6ko defizita gainditzen badu. Berez, zuloa hark bertan handitu du, iragarritako zerga murrizketek urtean beste 11.000 milioi ez biltzea eragin dezaketelako.
Gehiago jakiteko, ministroen hurrengo kontseiluei itxaron beharko zaie. Ostiral mamitsuak datoz, baina litekeena da haien ostean Angela Merkelek bakarrik txalo egitea.
Espainiako Kongresua. Inbestidura saioa. Analisia
Ostiral mamitsuen esperoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu