Gauzak nola aldatzen diren ohartu zen aspaldi Gariren eta Josu Zabalaren kamarada ospetsua. Aurreko eta oraingo krisiari ere desberdin erantzun zaiela konturatuko zen berriei erreparatzen dien edonor. Gerrikoa estutu izan zen dei nagusia 2008an hasitako krisian, «aukeren gainetik» bizitzea ordaindu behar zelako. Orain, berriz, bekatua ezer ez egitea da: gastatu nahi beste eta gero ikusiko dugu nola ordainduko dugun. NDFk, Europako Batzordeak, OCDEk, EBZk eta ezkerraren zerrenda beltzean izan diren erakundeek batak bestearen atzetik eskatu dute gastu publikoa. Eta faktura ordaintzeko formulen artean aipatuena da gehien dutenek zerga gehiago ordaintzea. «Herrialde batzuetan errenta zerga igo dakieke gehien irabazten dutenei, hazkundea oztopatu gabe», ostegunean Kristalina Georgieva NDFko idazkariak esandakoa. Oraingoz, badirudi Hego Euskal Herrian entzungor egingo diotela.
Ematen du Atzeraldi Handiaren lezioa ikasi dutela ekonomista liberal gehienek eta, oro har, politika ekonomikoaren gidariek: ekonomia larri dabilenean gastu publikoa murrizteak larritasun hori bera elikatzen du. Inon baino deigarriagoa da jarrera aldaketa Alemanian. Hainbat urtez defizit publikoak deabrutzen aritu ondoren, orain bera da zenbaki gorriei jaramonik ez egin eta ekonomia suspertzeko planik indartsuena egin duena. Ordoliberalismotik keynesianismorako jauzia egin du Berlinek, Olaf Scholz SPDkoFinantza ministroaren eskutik.
Hainbat urtez gastatzeko presioak jaso ditu Alemaniak, beste ekonomia ahulago batzuei laguntzeko. Ez zuen egin, eta egindakoaz harro azaldu da aste honetan Angela Merkel: «Pozik nago kritikeiaurre egin genielako, horrek esan nahi duelako orain gauzak egin ditzakegula».
Alemaniak, plana; besteak, zain
Neurri batean, Alemaniari egindako kritika hori ez da guztiz zuzena, John Maynard Keynesek aholkatutakoa egin baitu: ekonomia ongi doanean, dirua aurreztu, ekonomiari bultzada eman behar zaionean horretarako aukera izateko. Zor publikoa BPGaren %82,4tik %59,8ra jaitsi zuen Alemaniak 2010etik 2019ra, eta, horri esker, krisi berriari poltsiko sakonarekin erantzun nahi dio.
Ostiralean, ekonomia suspertzeko 130.000 milioi euroren planaren zati bat onartu zuen Berlinek. Neurri deigarriena da uztailaren 1etik urtea bukatu arte BEZ arrunta %19tik %16ra jaitsiko duela, eta BEZ murriztua, %7tik %5era. Gainera, 300 euro emango dizkie familiei haur bakoitzeko, laguntzak izango dira diru-sarreren %60tik gora galdu duten enpresentzat, enpresek aurtengo galerak konpentsatu ahal izango dituzte hurrengo urteetako zergetan, auto elektrikoen erosketa lagunduko du, 40.000 milioiren laguntzak izango dira turismo sektorerako, eta dirutza inbertituko dute azpiegituretan eta energia garbietan.
Neurri horiei esker espero da Alemaniako ekonomia aurten gutxiago erortzea, eta bizkorrago suspertzea. Iragarpenak beteko balira, eroriko handiagoa izango dute Frantziak, Italiak eta Espainiak, eta suspertze ahulagoa. Bai, turismoak horietan pisu handiagoa du Alemanian baino, baina kontua da ez dutela berez nahiko ahalik beren kasara suspertze plan indartsuak egiteko. Batez ere Italiak eta Espainiak Europaren dirua behar dute inbertsioak egin ahal izateko, eta segur aski uztailera arte itxaron beharko dute zenbat jasoko duten jakiteko. Hau da, denbora galduko dute.
Horrek ez du esan nahi ez dutenik lezioa ikasi. Orain bankuak salbatzeaz EBZ arduratu denez, arreta jarri ahal izan dute enpresei maileguen bitartez arnasa ematean eta krisian gehien galdu ohi dutenak —langile soilak— laguntzean. Eztabaidagarria izan daiteke laguntzen zenbatekoa, baina ez, ordea, urrats ona izan dela aldi baterako enplegu erregulazioak sustatzea eta autonomoei eta etxeko langileei langabezia sariak ematea.
Baina noiz arte iraungo du olatu keynestarrak? Noiz itzuliko dira lehen lerrora aurrekontu zorrotzen apostoluak? Hasi dira muturra erakusten, Europako parlamentuko talde kontserbadorean, baina krisia atertu arte itxaron beharko dute beren diskurtsoa inposatzeko. Eta asko falta da horretarako.
GEURE KONTU
Alemaniak patrika sakona ireki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu