Historia errepikatu egiten da, baina alderantziz. 1999an Argentinako Gobernuak Repsoli saldu zion YPF, krisi ekonomiko latz baten erdian dirua behar zuenean. Orain, Espainiaren ahultasuna baliatu du Argentinak YPFren gaineko kontrola berreskuratzeko. Ezin da kasualitatetzat hartu egunkariak Espainiaren etorkizun beltzari buruzko berriek betetzen dituzten unea aukeratu izana Fernandezek Repsol kanporatzeko; ezta haren zatia soilik hartzea, beste akziodunak —argentinarrak eta AEBetakoak asko— oraingoz bakean utzita.
Fernandezek Espainiari aurre egitea erabaki duenerako, erantzunaren beldur ez delako izango da. Espero du Espainiako (eta Euskal Herriko) enpresek Argentinan dituzten inbertsioak eta handik ateratzen dituzten etekin mardulak kontuan hartuko dituela Madrilek, eta oihu pare baten ondoren baretuko dela. Argentinak Espainian interes berezirik ez izateak ere laguntzen dio.
Baina Espainia animalia zauritua da orain, eta ahal duen guztia egingo du orain umiliatzen duen erabaki bati erantzuteko. Bere kasara agian ezer gutxi egin dezake Telefonica, Santander eta enparauei kalte egin gabe, eta horregatik ari da inplikatu nahian Europako anaia handia —Europako Batasuna— eta Ameriketako lehengusu txikiak —Mexiko—. Norgehiagoka luze baten hasiera besterik ez da.
Analisia
Ahularen umiliazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu