Atzerako kontaketa amaitu da Alestisen: urtea amaitu aurretik 77 langile kaleratuko dituzte Miñaoko parke teknologikoko lantegian, langile guztien erdiak ia. Langile batzordeak gogor gaitzetsi du CCOO eta UGT sindikatuek enpresarekin adostutako enplegu erregulazioa: erabaki «traumatikoa» eta «onartezina» dela iritzi diote, eta adierazi dute azkeneraino jarraituko dutela beren lanpostuen defentsan.
Neurriak talde osoari eragiten dio, eta 156 langile joango dira langabeziara guztira. Gasteizkoa izango da, baina, denetan kaltetuena, Cesar Gomez langile batzordeko presidenteak (LAB) gogorarazi duenez: 56 langile zuzenean kaleratuko baitituzte, eta 21 izango dira borondatez kalera joango direnak edo erretiro aurreratua hartuko dutenak. Langile batzordeak salatu du enpresak «xantaia» egin diela langileei; borondatezko kaleratzeak eta erretiro aurreratuak baldintza «barregarrietan» onartzera behartu dituzte, jakitun «baldintza okerragoetan» egindako kaleratzeak izango liratekeela alternatiba.
Alestisek abuztuaren 25ean jakinarazi zuen erregulazio espedientea abiatuko zuela. Eta aeronautikaren sektorea bizitzen ari den krisia argudiatu zuen orduan kaleratzeak justifikatzeko. Alegia, aire trafikoa murriztearen ondorioz aire lineek eskaerak murriztu eta bertan behera utzi dituztela, eta, ondorioz, horrek hegazkingintzako hornidura kate osoari eragin diola. Besteak beste, Airbus, Boeing eta Embraer konpainientzat lan egiten du Alestisek.
Langile batzordeak uste du, baina, ez dagoela erregulazio espedientea arrazoitzen duen «arrazoi estrukturalik», eta uste du arazoa «momentu puntual honetan» falta duten lan karga dela soilik. «Alestisen ez dago inor sobran», esan du Gomezek. Eta gogor gaitzetsi du negoziazioa «estatu mailan» egin izana, lantegi bakoitzarekin egin beharrean. «Hemen lan egiten dugu, eta hemen negoziatu behar dugu; inork ez digu ezer inposatu behar».
Gomezek adierazi du langileen erdiak geratuko dela Arabako plantan, eta uste du arriskuan egon litekeela lantegiaren etorkizuna. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiri inplikatzeko eskatu die: «Bertan sortutako enpresak dira, bertakoak, eta bertako langileak dituztenak. Eta deslokalizazio arriskuan daude».