Alde iluna, agerian

Lehen aldiz, NUPeko ikerketa talde batek Nafarroako itzalpeko ekonomiaren bilakaera aztertu du. 1986tik 2016ra artean, ezkutuko jarduerek %15eko pisua izan zuten ekonomian, baina krisi urteetan behera egin dute. Zerga iruzurrak 848 euroko gainkostua eragiten dio nafar bakoitzari batez beste urtero.

joxerra senar
Iruñea
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun

Izen asko hartzen ditu: ilunpeko ekonomia, ekonomia grisa edo beltza, ekonomiarik eza... Ilargiaren modura, ekonomiak ere badu alde ilun bat, eta itzalpean den zati hori ezkutuan denez, adituei zail egiten zaie haren tamaina antzematea. Iaz, Nazioarteko Diru Funtsaren enkarguz, Leandro Medina eta Friedrich Schneider ekonomistek munduko 158 herrialdetako itzalpeko ekonomiaren tamaina kalkulatu zuten: batez beste BGParen %31,7 zela ondorioztatu zuten; Boliviak luke handiena, %62,3koa, eta ironikoki, zerga paradisutzat jo ohi den Suitzak txikiena (%7,3).



Eta Euskal Herrian zenbatekoa da? Apurka, ekonomiaren alde ilun hori azaleratzen ari da. Gai horretako erreferente nagusietako bat Ignacio Zubiri EHUko ekonomista da. 2016an, Mari Carmen Gallastegi eta Javier Fernandez-Macho ekonomistekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itzalpeko ekonomia aztertu zuen. 2010etik 2014 arteko epeari begira, ondorioztatu zuen euskal lurralde horietako ekonomiaren alde ilun hori batez beste BPGaren %17,4 izan zela. Era berean, krisiak gogor jo zuen laurteko gogor horretan, zergetan zein kotizazioetan 3.700 milioi biltzeari utzi zioten ogasunek eta Gizarte Segurantzak, ikerlanak ondorioztatu zuenez. Horietatik %60 zerga orokorrei zegokien; hortaz, foru ogasunei zein udalei orotara urtero 2.300 milioi euroko galera eragin zien iruzurrak, azterlan horren arabera.

Ipar Euskal Herrian ez da horrelako lanik ezagutarazi, eta Nafarroan orain dela gutxi bete dute hutsune hori. Pedro Pascual NUPeko Ekonomia katedraduna buru duen ikerketa talde batek —Antonio Gomez eta Vicente Rios irakasleek ere osatua— 1986tik 2016ra bitarteko itzalpeko ekonomiaren bilakaera aztertu du. Lanak nabarmendu du batez beste itzalpeko ekonomiak BPGaren %15,3ko tamaina izan duela Nafarroan 30 urteotan. Krisi urteetan beheranzko joera islatu du, 2016an %10,1era ailegatu arte.

Ikerketak, gainera, zerga iruzurraren estimazio batzuk egin ditu. Adibidez, BEZ zergaren kasuan, ogasunak gehienez bildu dezakeenaren eta egiazki biltzen duenaren arteko aldea kalkulatu du, erreferentzia gisa 2008tik 2016ra bitarteko epea hartuz: zortzi urte horietan, aldea batez beste 662 milioi eurokoa izan da. Galera txikiena 2011n izan zen, 388 milioi eurokoa; eta handiena, 2016an, 896 milioikoa. Errenta zergaren kasuan, berriz, iruzurra %25 ingurukoa dela ondorioztatu du, eta batik bat kapital errenten eta autonomoen eta jarduera profesionalen artean egiten da.

Azterketaren beste ondorio nagusietako bat da ekonomiari berari nabarmen egiten diola kalte. Iruzurraren ondorioz, nafar bakoitzak urtean zergetan zein kotizazioetan 848 euro gehiago ordaintzen ditu: 2016an, guztira, 541 milioi euroko galera eragin zuen. Dena den, kontuan hartu behar da kalkulu guztiok estimazioak direla, eta ezkutuan den errealitate hori hobeto antzemateko joerak eta zantzuak ematen dituztela. Zehaztasun argi bakarra da iruzurra erdira murriztuz gero gutxienez 200 milioi euro gehiago bil ditzakeela ogasunak.

Administrazioak du giltza

Horrek Nafarroako Gobernuaren teilatu gainean utzi du pilota. Txostenaren edukia Nafarroako zerga iruzurraren aurkako batzordeari helarazi zaio. Bertan, Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu du «erreminta garrantzitsua» izango dela iruzurraren aurkako borroka planifikatzerakoan.

Aurreko gobernuak iruzurraren aurkako plan bat diseinatu zuen, 2016tik 2019ra artekoa. Aurreko hamabi urteetan, iruzurraren aurkako borroka bidez lortutakoa zerga bilketa osoaren %5 ingurukoa izan zen, eta planak helburu gisa jarri zuen 2019rako %15era iristea. Hala ere, asko geratzen da egiteko. Zerga iruzurraren iazko datuen arabera, bilketa osoaren %7,3 izatea lortu baitzen.

Hala EAEko nola Nafarroako plangintzetan aipatzen denez, ikuskatzaile eta baliabide gehiago behar izateaz gain, bi ildo nagusitan sakondu beharra dago. Batetik, administrazioen arteko informazio trukea hobetu behar da, jario hori are gehiago handitu: adibidez, EAEren eta Nafarroaren artean 3,8 milioi datu trukatu zituzten iaz. 2016tik, berriz, nazioarteko erakundeekiko trukea ere nabarmen handitu da, eta urrian EAEko zerga iruzurraren aurkako batzordeak nabarmentzen zuenez, «bide bat» egiten ari dira. Dagoeneko 102 herrialderekin egiten da truke hori.

Bestalde, Hegoaldeko lau ogasunek Ticket Bai sistema automatikoa ezarri nahi dute, saltokiek, autonomoek eta enpresek egindako fakturak kontrolatzeko. Asmoa da «zerga iruzurrari aurre egin eta zergadunei tramitazioa erraztea». Suedian, Portugalen eta Austrian ezarria dute. Enpresen artean 2020 erdialderako ezarri nahi dute, eta autonomoen artean 2021erako. Uneotan, hainbat enpresarekin probetan ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.