Kontrastea

Izenburua: La piel pulpo

Zuzendaria: Ana Cristina Barragan.

Herrialdeak: Ekuador – Grezia – Mexiko – Alemania – Frantzia.

Iraupena: 94 minutu.

Bi unibertso, eta bi mundu paralelo. Uharte isolatu bateko isiltasuna eta atsedena, batetik; eta hiriko kaosa, bestetik. Bien arteko kontrastea erakutsi nahi izan du Ana Cristina Barraganek La piel pulpo filmean, horietako baten alde lerratu gabe -ez da bata ona eta bestea txarra; biek dituzte alde onak eta txarrak-. Zuzendariaren bigarren luzemetraia da.

Iris izeneko neska bat da pelikulako protagonista. Uharte batean bizi da, amarekin, anaia bikiarekin eta ahizparekin. Harreman berezia dute familiakoek -batez ere bikiek-, oso fisikoa, eta erlazio estua dute naturarekin ere. Guztitz isolatuta bizi dira.

Irisek, baina, badu kuriositatea, jakin-mina, ea itsasoaren bestaldean zer dagoen, nolakoa den bizimodua. Eta sen horri tiraka joango da hirira. Hala azaldu du zuzendariak: «Hiriak badu bere edertasuna, askatasuna, baina oso mundu atsekabegarria ere bada. Uharteak, berriz, mundu idiliko guztia du, baina aldi berean ama batek ditu han gatibu».

Erritmo motela du filmak, eta tantaka ageri dira elkarrizketak. Hitz gutxiz osatutako pelikula da; irudiekin eta keinuekin jolastu du zuzendariak, eta hala azaldu du bi munduen arteko kontrastea. Funtsean, neska baten istorioa da, bere buruaren bila, galderei erantzuna topatu nahian. Eta bi munduen arteko lerro horretan ibiliko da, nahiko galduta, maiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude