Kontakizun bat oinordetzan

Izenburua: Carta a mi madre para mi hijo.

Zuzendaria: Carla Simon.

Herrialdea: Herrialde Katalanak.

Iraupena: 24 minutu.

Genero epistolarra zineman ere zein iradokorra eta zein zehatza izan daitekeen erakutsi zuen Carla Simonek Correspondencia filmarekin duela bi urteko Zinemaldian. Dominga Sotomayor zinemagile txiletarrarekin trukatu zituen eskutitz filmikoak han, eta berriz heldu dio formatuari Carta a mi madre para mi hijo film ederrean. Ama izan berri da zinemagilea, eta apenas ezagutu zuen bere ama eta jaio berri den bere semea jarri ditu elkarrizketan lanean. Ezagutuko ez duen amonaren erretratu bat oparitu dio jaioberriari, identitate orok behar duen kontakizun bat.

Bere ama zena haurdun agertzen den irudi batzuk birsortu ditu filmaren hasieran zuzendariak, bere triparekin orain, argazki horituetan ageri diren altzariak jarrita jada ez dagoen egongela batean. Gisa horretakoa espero daiteke ondotik etorriko dena ere, baina izkin egin, eta film txiki bat sortu du film handiaren barruan zuzendariak; non ageri den bere ama umetan, bere ama Bartzelonan lur hartzen (Angela Molina), bere ama flamenko dantzari batzuen kantuan harrapatuta, itsasoa zabal, jendea sutan, eta Simonengan berri egin daitekeen estilo esperimental eta poetiko bat guztia ehuntzen — film berrirako prestaketa lantzat hartu du proiektua, Miu Miu markaren enkarguz ondu duena—.

Oso umetan galdu zituen gurasoak Simonek, eta horrekin lotu izan du bere pelikuletan hasieratik artxibo familiarrera jo izana —hala egin du Made in Spain sailean ikusgai duen Alcarras txalotuan ere—. Correspondencia egin zuenean, hain justu, zinemagile izateko eta ama izateko bulkadak legatua uzteko nahiari lotuta sumatzen zituela aipatu zuen, eta film berriaren bihotzean suma daiteke begirada hori orain —”uste dut zinema egiten dudala ez dudalako hil nahi”—.

Baina, nolanahi den, istorioen sorburua beste bat izanik ere, kontatzen den horrekiko konexio indartsu bat izatea da Simonen apustua — “hutsalagoa da bestela dena”—, eta hor datza agian sortzen ari den unibertso filmikoaren magia, norbere esperientzian atsegin hartzen geratzetik oso urrun iristeko. Eta zintzotasuna dario horri; edertasunaren eta zinemaren aukeren bilaketarekin batera, jakina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude