Filmek egiten al dute amets?

Izenburua: ‘Gelditasuna ekaitzean’. Zuzendaria: Alberto Gastesi. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 96 minutu.

Lara eta Telmo maiteminduta daude. Paristik Donostiara itzuli dira. Hirian etxe bat erostekotan dira, itsasoari begira dagoen etxe bat gustatu zaie. Halako etxe bat Donostian erostea istorioa zientzia fikziozko generoan sartzea litzateke. Baina aurrera, pelikula ez baitoa hortaz. Daniel ari zaie etxea erakusten. Kontua da iraganean Danielen eta Lararen bizitzak gurutzatu egin zirela.

Hor dago muina: zer gertatu zen Lararen eta Danielen artean. Iraganean edo ametsean. Edo pertsonaiak asmatutakoan. Irudikatutako horretan. Alberto Gastesi zinemagileak BERRIAri eskaini zion elkarrizketan esan zuen pelikulak berak egin zuela amets. Kontzeptu originala da, joko askorako eman dezakeena. Film batek amets egin al dezake? Eta amesgaiztoa baldin bada, zer? Eta esnatzen denean, zer egingo du pelikulak?

Erromantikotzat jo daiteke Gastesiren lehen film luzea, erromantikoa bere kontzeptu klasikoan, baina onirikoa aldi berean. Iradokitzen dena da pertsona orok izan duela beste batekin topaketa bat, laburra, edo pare bat aldiz gurutzatu dela beste norbaitekin, eta gauzatu ez den maitasun istorio bat dagoela hor. Edo egon daitekeela bakoitzaren irudimenean.

Donostia zuri-beltzean ageri da, 1:37 formatuan. Agian zenbait momentutan gehiegizkoa da Donostiako tokien erakustaldia, eta karga gehiegi hartzen du hiriak. Gaztelania eta euskararen arteko erabileran, bestalde, proposamena ulertzen da: bi hizkuntzak erabiltzen dira hirian. Baina istorio osoan euskaraz izan balitz ere, ez litzateke ezer gertatuko.

Edonola ere, proposamen interesgarria da Gastesirena. Film txikia da, bitxia, atsegina, ameslaria, iradokitzailea. Aukera baduzue, emaiozue aukera bat. Eta jarraitu hodeien artean galdezka: Pelikula batek amets egin al dezake?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude