Gainez eginda

Izenburua: Triangle of Sadness.

Zuzendaria: Ruben Ostlund.

Herrialdea: Suedia.

Iraupena: 147 minutu.

Atzo gauean heldu zen Ruben Ostlunden lan berria Donostiako Zinemaldira, eta agerian gelditu zen publikoaren jakin-mina, jende ilara luzea osatu baitzen atarian eta Antzoki Zaharra goraino bete ostean. Cannesko Zinemaldian Urrezko Palma irabazita heldu da jaialdira Triangle of Sadness, eta, sariaren oihartzuna aparte, ez da oharkabean igaro ikusle eta kritikarien artetik; ozen jo diote txalo batzuek, ondo larrutu besteek. 2017an ere irabazi zuen Cannesko garaikur entzutetsua Ostlundek The Square filmarekin, eta han agertutako hainbat ildotatik egin du tira ekoizpen berrian ere.

Satira bat zen The Square, arte garaikidearen alderik elitistenean jartzen zuena fokua, eta satira umoretsutzat har daiteke Triangle of Sadness ere, oraingoan, modaren eta, oro har, dirutzen aparretan bizi direnen aisialdian eta itxurakerian kokatzen dena.

Carl (Harris Dickinson) eta Yaya (Charlbi Dean Kriek) modelo gazteak dira protagonistak —zein baino zein ganoragabeagoa—, eta marka garestientzat desfilatzen, jatetxe garestietan afaltzen —diruaz hitz egiten!— eta, azkenean, luxuzko yate batean egun batzuk igarotzen agertuko dira. Apar bertsuetan igeri bizi diren beste batzuk ezagutuko dituzte han —armen industrian aberastu den bikote heldu bat, errusiar oligarkiako familia bat, tripulazioa apeta inozoekin erotuko duen jendea—, eta dena izango da xanpaina, eguzkia eta distira, kaosa lehertu, eta gutxi batzuk irla mortu batean amaituko duten arte, klase sozialak berrordenatzeko aukera bat irekiz ——aipatzekoa kapitainak eta errusiar hordiak Thatcher, Lenin, Reagan, Marx eta besteren ideiekin egiten duten ping-ponga—.

Kapitalismoaren hondoratzea irakur daiteke gidoiaren azken biraketa horretan, baina susmoa da komun hoditeriako ur zikinak gainez egiten duen antzera egin duela narrazioak gainez ordurako, eta zaila da hortik aurrerakoari eustea —gogora datoz Bong Joon-horen Parasite (2019) eta Michel Francoren Nueva orden (2020), azken urtetakoak aipatzera—. Pintzelkada potolo samarrez aritu da zuzendaria —hiru ataletako lehena da ziurrenik salbuespena—, eta irudipena da apenas sortu duela girorik, ez edukiz baina are gutxiago formaz, ikusleak ordura ezagutu gabeko zirrikituren batetik begira dezan mundua, begira dezan bere lekua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude