Lodifobia

Izenburua: ‘Cerdita’. Zuzendaria: Carlota Pereda. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 90 minutu.

Sara Extremadurako (Espainia) herri bateko neska gazte bat da. Gizena dago, eta herriko neska askok burla egiten diote. Iseka. Bullying. Igerilekuan dela, poltsa eta arropa kenduko dizkiote bi neskek. Eta txikitako lagun batek ere ez du defendatuko Sara. Gizarte gaiekin hasten da Cerdita filma: lodifobia eta jazarpena. Baina istorioan ustegabeko zerbait gertatuko da. Gizonezko gaizkile batek izua eragingo du herrian, nahiz eta herritarrak ez dakiten argi zer gertatzen ari den. Aztoratuta ibiliko dira denak, jakin gabe guztietatik aztoratuena Sara neska protagonista dela. Ikusi duelako zerbait. Baina ezkutatu beharra duelako.

Pelikularen erdian, Carmen Machi aktorea tarteko, umore beltzeko zenbait momentu azalduko dira. Konstunbrismo muturreko bateraino iristen dira zenbait pasarte, barrea eraginez. Ez lodifobiagatik, baizik eta pertsonaia batzuen arketipoak eta ateraldiak barregarriak direlako. Carlota Peredak pixkanaka istorioa nahi duen tokira eramaten du, eta ez du erreparorik komedia eta beldurrezko generoa uztartzeko.

Pelikulako azkeneko parteak, berriz, B saileko film baten trazak ditu. Odoltsua eta zikina, iluna eta biolentoa.

Bitxikeri bat iritsi zait, bestalde, Twiterreko interakzioetara. Mikel Alvarez gidoilariak (BERRIAko telebista kritikari ere izan genuen) zera aipatu du: “Euskalia eleberria argitaratu gabe eta spin-off bat du dagoeneko”. Jakin-mina piztu digu Alvarezen lehen nobelak: Euskalia. Zer ote dakarren.

Cerdita filma, tira, bere hiru laurdeneko formatuan, eta streaming plataformetako eduki batzuen ildo beretsutik, izan zitekeen pelikula hobea. Lodifobiaren gaiak izan zitzakeen sakontasunerako beste helduleku batzuk. Hala ere, genero zehatz batzuk gustuko dutenek ondo pasatuko dute. Agian, pelikula egokiagoa zen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asterako. Baina Zabaltegin egin du tokia, eta areto komertzialetan ere aurkituko ditu bere zaleak. Gazteak batez ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude