Galdu aurretik

Izenburua: Living
Zuzendaria: Oliver Hermanus
Herrialdea: Erresuma Batua
Iraupena: 102 minutu

Ez da arraroa Zinemaldiko programazio askotarikoan klasikoen berrikuspenak topatzea urtetik urtera. François Ozonek Fassbiderren Die bitteren Tränen der Petra von Kant (1972) lanean oinarritutako Peter von Kant aurkeztu du, esaterako, Perlak sailean aurten; eta atal berean erakutsi du Oliver Hermanus hegoafrikarrak ere tankerako bere lan berria: Living. Tankerakoa, berrikuspen gisako bat delako hori ere, Akira Kurosawaren Ikiru (1952) filmarena, hain justu. Halakoetan azertu bat izaten denez, jatorrizko istorioa guztiz bestelako testuinguru batera eraman du Kazuo Ishiguro gidoigileak —1950eko hamarkadako Londresera—.

Williams da filmeko protagonista (ondo sendoa da Bill Nighyren antzezpena), bulegoko paperen artean zahartu den funtzionario bat, lankide gazteagoen errespetua irabazia duena. Sendabiderik ez duen gaitz bat diagnostikatu diote, eta aurrezkien poltsa hustu, eta geratzen zaizkion egunak zukutzera joango da kostaldera. Ordura arte ezagutu ez duen intentsitatea eskatuko dio eguneroko berriari, baina ez du lehenengoan asmatuko nondik lortu. Lankide gazte baten arrimura hurbilduko da orduan (Aimee Lou Wood), haren bizitasunetik edan guran, bizia galdu aurretik.

Estetika britainiar klasikoenera jo du zuzendariak filmaren unibertsoa eraikitzeko —argazki pikortsu, kapela beltz, azal zurbil, aterki luzeen dotorezi—, eta irudi poetikoen alde egin du azkenetan den norbaiten barnerantz zuzentzeko ikuslea, ingurura zabaltzen dituen uhinez ere aritzeko.

Kontakizuna garatu ahala, bigunduz doa erdi harrizkoa dirudien protagonistaren aurpegiera, ordura arte begiratu gabekoak begi berriekin erreparatzen hasten denetik aurrera. Atsegina da filmaren tonua, pertsonaien arteko tratua, eta erritmo pausatuan egiten du aurrera, musika pasarte ugarirekin (Emilie Levienaise-Farrouch) eta apenas gatazkarik gabe; ez balitz gatazketan gatazkarik sutil krudelena daramala azpitik: denboraren agorpena bera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude