Bi etxe, bi errealitate

Izenburua: Fifi / Spare keys
Zuzendariak: Jeanne Aslan eta Paul Saintillan
Herrialdea: Frantzia
Iraupena: 105 minutu

Bi familia, bi etxe, eta bi errealitate; bizitzeko modu diferenteak. Ez dute zerikusirik Jeanne Aslanek eta Paul Santillanek zuzendutako Fifi / Spare keys pelikulan ageri diren bi pertsonaia protagonisten bizimoduek, baina badituzte sentipenak eta nahiak komunean: itomena, egunerokotik ihes egiteko beharra.

Familiako giro gatazkatsutik askatu nahi du Sophie izeneko 15 urteko neskak. Kontsumo ohitura arriskutsuak, hainbat arazo eta kaosa ditu nagusi etxean, eta haren adinerako gehiegizkoak izan daitezkeen ardurak. Aldiz, ez du inongo arazo ekonomikorik Stephanek, Parisen ari da ikasketak egiten, eta baditu harreman sareak. Badu, ordea, materialetik gailentzen den arazo bat: etsia, ilusio falta. Ez dago eroso egiten duenarekin, eta ezin du bere tokia bilatu –hain zuzen, pelikulako hainbat pertsonaia gazteetan ageri da ito sentsazio hori–.

Elkar ezagutuko dute, eta elkarren akuilu bihurtu; errutina apurtzeko modu bat izango da, errealitatetik ihes egitekoa, norabidea aldatzekoa. Erritmo motela du pelikulak, eta sinpleak dira narrazioa eta estetika. Nolabait, bi gazteen kezkak, ezinegonak eta emozioak jasotzen ditu, maitasun istorio baten bitartez.

Bi errealitate dira, baina bera da nahia: ihes egin beharra. Eta ez da kasualitatea gazteak izatea protagonista zuzendariek erakutsi nahi izan duten horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude