Ilunpe laranja

Izenburua: Un año, una noche

Zuzendaria: Isaki Lacuesta

Herrialdea: Espainia

Iraupena: 120 minutu

2015eko azaroaren 13ak Parisko Bataclan dantzalekuan harrapatuko ditu Celine (Noemie Merlant) eta Ramon (Nahuel Perez Biscayart). Ostiral gaua da, eta beste bi lagunekin kontzertu baterako plana egin dute, Eagles of Death Metal ikustekoa. Lau lagun tiroka sartu dira, ordea, eta, krak, bizirik ateratakoak ere ez dira lehengotan aterako. Ez Celine eta Ramon —Ramon Gonzalezen Paz, amor y Death metal eleberria du oinarri filmak—. Traumaren osteko gorputzetan kabitu ezinda topatuko dute elkar aurrerantzean, asmatu ezinda nola eraman begiak ixten dituzten aldiro datorkien hori, soinera itsatsi zaien usain pegakorra, bat-bateko hots baten aurrean izutzen zaien barrua. Aurrez, perfektua dirudi denak —apartamentu ederra, gorputz ederrak, lagunak, denbora—, baina gero eta arnasa gutxiago gelditzen joango zaie bizitza horietan. 

Gau hartan gertatutakoen kronika egitetik urrun, ondorengo gorputzaldian jarri du arreta zuzendariak, eta izpiak bezala —gero eta luzeagoak— tartekatuko dira ezbeharraren unekoak ondoko narrazioan. Sekuentzia indartsu batek abiatzen du filma —manta isotermikoetan bilduta, oinez doa etxera bikotea—, eta irudi poetiko oso eraginkorrek ematen diote segida —erasoaren ondoko langar laranja, bolboraren partikulak eta gorpuen lurruna; larruazalen testura biharamunean—. Muntaia lan elegante hori da, hain justu, pelikularen alde aipagarrienetako bat, aktore protagonista bien lan bikainarekin eta melodramatik urruntzen den tonuarekin batera, aldiro ukitu friboloa hartzeraino.

Badago gauza bitxi bat pelikulan —hitzaren adiera ez hain onean, agian—: C. Tangana musikariaren agerpena. Ramonen anaiaren rola jokatzen du zati txiki batean eta harridura agerikoa izan da aretoan sortu den murmurioagatik. Deigarria da, bide batez, haren emaztea nola erretratatu duen zuzendariak (Natalia de Molina), Celine frantses kultu eta biziaren aldean, ezjakin eta irrigarri agertzen baita espainiarra. Eta ahaztu gabe aipatzekoa da, halaber, gazte migranteek filmean betetzen duten tokia: haiekin egiten du lan Celinek, eta gizarte zuriarekiko agertzen duten mesfidantzak geruza inportantea gehitzen dio kontakizunari.

Donostiako Zinemaldian bi Urrezko Maskor ditu bereganatuta dagoeneko Isaki Lacuestak —Entre dos aguas (2018) eta Los pasos dobles (2011) filmekin—; Un año, una noche Berlinalen aurkeztu ondotik heldu da aurten Perlak sailera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude