Ezkutuan

Izenburua: Carvão
Zuzendaria: Calorina Markowicz
Herrialdea: Brasil – Argentina
Iraupena: 100 minutu

Carolina Markowicz zuzendariaren lehen film luzea da Carvão; Horizontes Latinos sailean ari dira ematen. Brasilgo landa eremu batean bizi den familia batean oinarrituta dago filma, eta inkongruentziaz, sekretuz eta ezustekoz josita osatu du narrazioa.

Etxe ondoan duten ikatz fabrika batean egiten dute lan, baina ez dabiltza ekonomikoki soberan. Hala, jasotako proposamen makabro batekin, dena aldatuko da. Droga trafikatzaile bat ezkutatzea onartu eta aterpe emango diote; hortik aurrera, ezer ez da esperotakoa izango. Hala azaldu du zuzendariak: «Beti sentitu dut lilura barne-munduarekin, kanpora erakusten ez den errealitate horrekin; etxe bakoitzean gertatzen diren istorioekin, bizilagunen begiradetatik urrun».

Tonu iluna hartzen du filmak, biolentoa, ezkutukoa. Itxurakeria ere sumatzen da. Pobrezia, botere harremanak, droga, homosexualitatea…. hainbat gai ukitzen ditu, baina ezohiko modu batetik kontatuta. Aretoan, ikusleak inpaktatu eta harriduraz jaso dituzte jazoeren irudiok; egon da erreakzio bat.

Aipatzekoa, bestalde, filmean zehar erabilitako umore beltza; baditu ironia zertzeladak ere. Halaber, eboluzioa atzematen da pertsonaien hizkeran eta jarreretan, geroz eta zakarragoa, bortitzagoa. Gaiztotzen doaz harremanak ere. Txokea sortzen du filmeko azken irudiak, istorioaren laburpen gisa; pistolekin jolasean dabiltza haurrak, familia protagonistakoa eta bizilaguna, eta batak besteari tiro egiten dio, ozen oihukatuz: pum.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude