Kartzelan ez da aldaketarik

Izenburua: Modelo 77
Zuzendaria: Alberto Rodriguez
Sail Ofiziala
Herrialde: Espainia

Bere aurreko bi filmekin —La isla mínima (2014)eta El hombre de las mil caras (2016)— Urrezko Maskorra lortzeko lehian izan ondoren, Alberto Rodriguez zinemagile espainiarra Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialera itzuli da Modelo 77 filmarekin; oraingoan, ordea, jaialdiaren inauguraziorako eta lehiaz kanpo.

Ezagun da Rodriguezi historia hurbila interesatzen zaiola. La isla mínima Andaluzian 1980an girotutako thriller bat zen, generoaren konbentzioei segitu arren —bi poliziak neska gazte baten desagertzea ikertu behar zuten—, eta neurri handi batean True Detective telesailaren antza izanda ere, garaiaren azterketa sozio-politiko zorrotza egiten zuena. El hombre de las mil caras-ek, berriz, estatuaren estoldei begiratzen zien, Fernando Paesa espiaren ibileretatik abiatuta.
La isla mínima tempo moteleko film bikaina zen, planoan erakusten zuenaren atzean ñabardura asko gordetzen zituena; El hombre de las mil caras, aldiz, erritmo zorabiagarriko thriller politiko askotan beldurgarri bat, nahiz eta umorearekin ere jokatzen zuen.

Modelo 77 film berria, bere aldetik, bi film horien artean koka liteke eszenaratzeari dagokionez. Franco hil ostean, Bartzelonako Modelo kartzelak segitzen du izaten erregimen zaharraren moduen erakusle nabarmena. Funtzionarioak torturatzaile hutsak dira, eta presoak, politikoak nahiz arruntak, inolako osasun baldintzarik betetzen ez duten ziegetan pilatzen dira. Hara iritsiko da Manuel preso gaztea (Miguel Herran), lan egiten duen enpresan ustez egindako lapurreta bategatik, eta han ezagutuko du Pino (Javier Gutierrez), Espainiako espetxe ugari ezagutu dituen presoa.

Filmak kontatzen du nola hasten den amnistiaren aldeko borroka pizten espetxe barruan, eta horrek nola eragiten duen kartzelako bizimoduan. Preso politikoak aterako dira 1977ko amnistiarekin, baina preso arruntek borrokatu egin beharko dute, Copel —Borrokan dauden presoen koordinadora— mugimenduak akuilututa.

Filma oso ondo kontatua dago, eta Rodriguezek badaki istorioa erritmo egokiarekin aurrera eramaten —nahiz eta, agian, bukaerako partean gauza gehiegi kontatu nahi—, eta nabarmentzekoa da, ez bakarrik bi aktore protagonisten lan bikaina, baita gainerako aktoreena ere. Eta aipamen berezi bat Fernando Tejerorentzat, Telebistan egin izan dituen rol komikoak albo batera utzita, Modelo 77-n erakusten baitu esparru dramatikoan ere moldatzen dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude