Intimitatearen urraketa

Izenburua: Jeong-sun
Zuzendaria: Jeong Ji-hye
Herrialdea: Hego Korea.
Iraupena: 105 minutu.

Hego Koreako pelikula batekin estreinatu dute Zinemaldiko Zuzendari Berriak saila: Jeong-sun. Maiz jazotzen den egoera eta gai bat jorratu ditu zuzendariak: intimitateren urraketa. Eta gertaera horrek pertsonaiaren bizitzan duen eragina azaltzen du, arlo profesionalean nahiz pertsonalean.

Jeong-sun da, hain zuzen, pertsonaia protagonistaren izena. Lasai bizi da emakumea, errutina baten parte; elikagaien fabrika batean egiten du lan, eta nagusiaren jokabidea salbu, lantokia inguru erosoa da harentzat –beste kontu bat dira lan baldintzak–. Harreman sare bat du eraikia, eta lagun ditu lankideak.

Ordea, lankide berri baten etorrerak dena nahastuko du. Kimika dago euren artean, eta harreman bat hasiko dute, klandestinoki. Abentura horretan gustura sumatzen da protagonista, nahiz eta presente duen kezka bat: txutxu-mutxuak, besteek zer dioten. Euren artean eraikitako konfiantza, baina, istant batean apurtzen du gizonak: mugikorrarekin ohean grabatutako bideo intimoak zabalduko ditu.

Eta hor katramilatzen da guztia. Begiradak, barreak, komentarioak… Eta emakumearen etsia; emozio anabasa. Pelikulak ondo jasotzen du eraso horrek sortutako mina, ezinegona, bakardadea, hira, baita lotsa eta kulpa sentipena ere.

Kanpo eta barne borroka bat hasiko du emakumeak, eta hainbat egoerari egin beharko dio aurre. Akuilu, bere alaba. Aurretik harreman gorabeheratsua zuten arren, guztiz inplikatzen dena. Halaber, pelikulak salatzen du justiziaren posizioa, neurriak hartzeko ezintasuna, edo hobe esanda, interes falta. Baita erasotzaileen inpunitatea eta birbiktimizazioa ere.

Irudiek eta soinuaren erabilera aproposak aktoreen interpretazio txukuna osatzen dute. Emaitza, publikoaren txalo zaparrada. Zuzendariak lortu du istorioa ikusleengana iristea. Aretoan harrera ona izan du Jeong Ji-hye-ren lehen filmak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude