Laburpen partekatu bat

2021. urteko Donostiako Zinemaldia. Zenbaitentzat Johnny Depp aktorearen afera baino ez da izan. Baina askotariko albisteak, lerroburuak, filmak, sariak eta bestelakoak utzi ditu.
Sail Ofiziala pelikula polit batekin hasi zen: One second. Mikel Zumeta kritikariak Zeluloidea oasia da lerroburua eskaini zion kritikan. Ikus-entzule orori gomendatzeko filma da Zhang Yimourena, eta laster iritsiko da zinema areto komertzialetara. Lehen egunean, bertan, Marion Cotillard aktoreak Donostia Saria jaso zuen. Jon Maia dantzariak zuzendutakoak izan dira aurtengo galak, iaz bezala, eta Harkaitz Canoren gidoien laguntzaz, oso txukunak izan direla nabarmendu behar da.

Maixabel filma izan zen bigarren egunean estreinaldirik garrantzitsuena. Jaialdiko beste puntu goren bat, zalantzarik gabe. Zinema aretotik ukituta atera nintzela aipatu nuen Kursaaleko zubitik zutabean. Filmeko ekoizle Koldo Zuazua elkarrizketatu zuen Ane Eslava kazetariak 25. fotograma podcastean. Eta BERRIAk aurreneko aldiz Zinemaldian ekoitzitako podcastean, beste honako elkarrizketak ere aurki ditzakezue, egunez eguneko ataletan: Iñaki Alforja, Bolante baten historia dokumentaleko zuzendaria; Txema Muñoz eta Esther Cabero Kimuak egitasmoko arduradunak (Zinemira saria jaso zuten Euskal Zinemaren Galan); Asier Altuna, Hondalea filmeko zuzendaria; Xabier Erkizia, O gemer dokumentaleko zuzendaria; Maider Oleaga, Kuartk Valley dokumentaleko zuzendaria; Aitor Merino, Fantasia filmeko zuzendaria; eta Maru Solores, Aztarnak dokumentaleko zuzendaria. Podcastaren atal guztiak errenkadan entzuteko aukera dago.

Zinemaldia nola joan den ezagutzeko, era berean, badira BERRIAk argitaratutako eduki gehiago: Mikel Zumetaren Sail Ofizialeko kritikak; Uxue Arzelusen beste sailetako filmen kritikak; Ainhoa Sarasola kazetariak Sail Ofizialean egindako jarraipena (Mikel Lizarralderekin batera); eta Itziar Ugartek eta Andoni Imazek egindako elkarrizketak zein Mobiola iritzi zutabea. Mikel Lizarralderen koordinazioari esker, hori guztia.

Eta Depp, bai. Donostia Saria jaso zuen Johnny Depp aktoreak. Eta irakurtzekoak dira Eider Goenaga lankideak eta Samara Velte EHUko ikerlariak idatzitakoak. BERRIAko podcastean sarituaren berri emateko, Deppen prentsaurrekoan egotea egokitu zitzaidan, eta aktoreak esandako zenbait kontu penagarriak iruditu zitzaizkidan. Auzo lotsa eragin zidaten, halaber, prentsaurreko aretoan entzun ziren txalo sutsuak. Edonola ere, etorkizunari begira diezaiogun, eta Izaskun Arandia (H)emen elkarteko ordezkariak baikortzat jo du Zinemaldiarekin izandako bilkura. Ohorezko sarien inguruko kode etikoa eztabaidatuko dute datozen hilabeteetan, eta maiztasunez bilduko dira elkartea eta Zinemaldia.

Gainontzekoan, pelikulen kalitatearen aldetik Zinemaldia nahiko ona izan dela iruditu zait niri. Euskarazko fikziozko film luzerik ez da estreinatu (iaz lau eta erdi izan ziren). Baina areto eta areto artean, hirian zegoen jendearen artean komentarioak izan dira pelikula hobeak egon direla aurten, iaz baino. Aitortu dezaket kalitatezko zinemaz gozatu dudala. Baita lankideen artean izan dugun giro onaz ere (beste komunikabideetako kazetari eta kritikariekin ere bai).

Paolo Sorrentinoren È stata la mano di Dio izan da, agian, gehien gustatu zaidan lana. Pelikula horren trailerrarekin uzten zaituztet. Datorren urtean gehiago. Eta ea 2022an euskarazko fikziozko film luzeren bat iristen den Sail Ofizialera. Gozatu zinemaz. Adiorik ez!

https://youtu.be/6o0sbv7s79U

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude