Testiguaren biziraupena

Izenburua: Un Monde / Playground.

Zuzendaria: Laura Wandel.

Herrialdea: Belgika.

Iraupena: 72 minutu.

Nora eta Abel anai-arrebak eskolara bueltan dira. Ez dute sartu nahi, baina ez dute besterik. Anaiaren kasuan, bada arrazoi minkorrik: beste haur batzuk oso modu bortitzean jazartzen dute, eta berehala ohartuko da 7 urte baino ez dituen arreba. Lagundu nahi badio, inori ezer ez esateko eskatuko dio Abelek, baina nekez eutsi ahal izango dio neskatoak.

Mundu bat. Hala izendatu du Laura Wandel zuzendariak (Brusela, 1984) bere lehen film luzea. Eskola-ordutan gertatzen dena baino ez du hartu iruditan; hor hasten eta hor amaitzen baita ia-ia mundua anai-arreba hauentzat —detaile eder bat: unibertsoa ageri da Noraren motxilan, bere izar, bere planeten jira—. Haien aita eta irakasle pare bat azalduko dira une iheskorretan, baina, batez ere, haurrak eta maizegi biziraupen eremua bilakatzen den jolastokia behatu ditu kamerarekin zuzendariak. Eta haiek zuzentzen egin duen lana benetan da azpimarratzekoa; batik bat, Maya Vanderbequerekin (Nora). Eraldatzen —mikazten— joango da neskatoaren jarrera eta begirada istorioak aurrera egin ahala, eta harritzekoa da zein sendo jokatu duen pertsonaia hain aktore gazteak.

Une latzak ditu pelikulak, eta are gehiago lazten du normaltasun itxura batean gertatzen den errealitate gisara aurkezteak. Bullying-a bezalako bortizkeri zuzenaren ondoan, indarkeriazko beste geruza batzuk ere baditu oinarrian kontakizunak —onartua izateko ordaindu behar den prezioa, futbolean jolastu nahi ez duenari gordetzen zaion bazterreko zokoa…—, eta hor irabazten du sakontasuna, eremuz kanpo gelditzen denak eransten dionarekin batera —ez dakigu ia deus anai-arreben etxeko egoeraz—.

Artean zinema ikasle zela, 2007ko Nesten hartu zuen parte Wandelek Donostiako Zinemaldian. Un monde-kin, zeinari zazpi urteko lana eskaini dion, FIPRESCI Saria irabazi zuen Cannesko Un Certain Regard sailean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude