Ekaitzaren ostean

Izenburua: The Souvenir: Part II.

Zuzendaria: Joanna Hogg.

Herrialdea: Erresuma Batua.

Iraupena: 107 minutu.

Zabaltegi-Tabakalera sailaren neurriko proiekzio bat da Joanna Hoggen The Souvenir: Part II filmarena. Bigarren zati bat, atzera toleste bat, oroitzapenen gainean eratutako kontakizun berezi bat, pieza oso bezain ongi funtzionatzen duena lehen zatiaren segida sendagarri gisa. Ausarta da bigarren zati bat programatzea, baina Tabakaleran aski ezaguna da Hoggen lana, haren pelikula guztiak eman baitzituzten iaz, zinemagileari buruzko foku batean.

Joanna Hogg zuzendari ezezagun samarra da; ia erabateko ezezaguna ikusle gehienentzat 2019an The Souvenir filma egin zuen arte. Zinema ikasketak egin zituen 1980ko hamarkadan, eta Erresuma Batuko telebistetan lan egin izan zuen urteetan. 2007koa da haren lehen film luzea: Unrelated. Haren atzetik sortu ditu Archipelago (2010) eta Exhibition (2013). Azken urteetan, bi puskatan eman du The Souvenir. Lehenak Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Sundancen, eta bigarrena Cannesko Zuzendarien Hamabostaldian estreinatu du aurten.

Hoggek zinema ikaslea zen garaiko bizipenetan oinarrituta idatzi ditu filmak. Protagonista Julie da (Honor Swinton Byrne), zinema ikasle bat, eta Anthony (Tom Burke) izeneko gizon zaharrago batekin duen harreman gorabeheratsua kontatzen du lehen zatiak. Film enigmatikoa da hura, errukirik gabekoa, melodrama bat izateko elementu guztiak eduki arren, hortik urrundu eta estilo berezi bati jarraitzen dio. Izan ere, Hoggen filmek badituzte ezaugarri komun batzuk: kameraren erabilera fina, estilo handiko arte zuzendaritza, pertsonaia gogoangarriak sortzeko aktoreekin egiten duen lan aparta, eta pop musikaren erabilera, besteak beste.

The Souvenir amaitu zen une beretik abiatzen da The Souvenir: Part II. Julie Anthonyrekin izandako harremanari buruzko film bat prestatzen ari da graduazio lanerako, eta lan honek ere iskin egiten dizkie inozentziaren amaiera irudikatzeko erabiltzen diren topikoei. Lehen zatia baino argiagoa eta dibertigarriagoa da, eta hura bezain sendoa eta sakona. Eta, lehen zatiak bezalaxe, bigarrenak amaiera ezin hobea du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude