Zauria samur

Izenburua: Fantasía.

Zuzendaria: Aitor Merino.

Herrialdea: Euskal Herria.

Iraupena: 100 minutu.

Dokumentala da ziur aski euskal zinemari eskainitako Zinemira sailean nabarmendu den generoa 69. Zinemaldi honetan. Apenas erakutsiko da fikziozko ekoizpen berririk euskaraz —Mikel Gurrea Heltzear laburra estreinatzear da—, baina, esan beharrik ez, dokumentalen generoa ere aski da eder eta emankor, eta lan interesgarriak heldu dira bide horretatik: Maider Oleagaren Kuartk Valley —bihar estreinatuko du—, Xabier Erkiziaren O Gemer eta hona dakargun Aitor Merinoren Fantasía, tartean.

Bidea aktore gisa urratuta, El pan nuestro film laburrarekin egin zuen zuzendari gisa debuta Merinok, 2007an; 2014an zuzendu zuen, Amaia Merino arrebarekin batera, Asier ETA biok lana —euskal zinemaren Irizar sariduna urte hartako Zinemaldian—; eta 2016an Ikusmira Berriak programan egonaldia egin ostean heldu da jaialdira bueltan.

BERRIAri kontatu dio: lau urtetan bildutako 200 ordutik gorako material gordinarekin aritu da muntaketa gelan zuzendaria eta haren lantaldea. Irudietan, ama, aita, arreba, etxeko lauak itsasoz egindako zeharkaldi bidaian, berriz gurasoak etxean, amona, sukaldea, egongela, ohea. Intimitate hori behatu du Merinok, argi izan gabe hasieran zer zen bilatzen ari zena; harik eta ulertu arte —kanpo begiradaren esangura hemen— zahartzaroaren bide atzeraezina, horixe ari zela kontatzen. Kontrasteek edertzen dute filma: gurutzaontziko argi dirdiratsu eta itsaso zabala, pisuko argilun eta oroitzapenez zamatutako hormen ondoan. Iragan zoriontsua garai ankerragoen ikusmiran. 

Soilik eurentzat interesgarri suerta zitekeen lan batean gelditzeko arriskua izan zezakeen pelikulak. Hortik urrun, baina, leku zabala utzi dio zuzendariak ikusleari, eskuzabal, bere denboraren zauriarekin sar dadin hor, gehiegizko espantutarako eta melodramarako tentaziorik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude