Zatikako disekzio bat

Izenburua: Retour à Reims (Fragments).

Zuzendaria: Jean-Gabriel Periot.

Herrialdea: Frantzia.

Iraupena: 84 minutu.

Didier Eribon soziologoaren Retour à Reims (2009) saiakera autobiografikoa abiapuntutzat hartuta, moldaketa pertsonal eta libre bat egin du Jean-Gabriel Periot zinemagileak, haren pasarte batzuk hartu, eta Adele Haenel aktoreak (Portrait de jeune fille en feu) off-eko ahotsaren bidez kontatuta. Liburuaren berrirakurketa da izen bereko filma —gizon ahotsetik emakume ahotserako jauzitik hasita—, baita Frantziako zinemaren eta telebistaren irudiena ere, artxiboko materialarekin egina baitago. Bi mugimendu ditu, bakoitza zenbait ataletan banatuta, eta epilogo bat; horregatik Fragments azpititulua.

Haenelek langile klaseko familia bateko alabari jarri dio ahotsa, zenbait gairi buruz gogoeta egiteko: gizarteko egiturak, lan esplotazioa, ideologiaren oinarriak… eta nola horrek guztiak, langile klasearen bizimoduaz gain, haren ikusmoldea ere baldintzatzen duen. Hori baita liburuaren premisetako bat: Eribon sorterrira itzuli zenean, auzokoen artean urte batzuk lehenago ezagutu zuen kontzientzia komunista aldatuta zegoen; amak Fronte Nazionalari ematen zion botoa.

Frantziako langile klasea bezala, pelikula bera ere desberdina bilakatzen da: zinemako irudiak erabiltzen ditu —Germaine Dulacen Celles qui s’en font, Dimitri Kirsanoffen Ménilmontant eta Jean Vigoren Zéro de conduit, besteak beste—, 1950eko eta 1960ko hamarkadetako dokumentalak, ondorengo telebistako bideoak, eta gaur egungo erreportaje ohikoak. Pasarte batzuek kontakizuna irudiz hornitzen dute, eta besteek, pertsonaien hitzen bidez, erantzun egiten diote testuari.

Lehen zatian, emakumeen umiliazioan, sumisioan eta etsipenean sakontzen du, baita 1970etako emantzipazio giroan ere. Bigarren zatian, berriz, narrazioak diskurtso itxura hartzen du, gaur egungo egoera eta eraldaketarako aukerak azaltzeko asmoz: erakusten du alderdi komunistak noiz utzi zion langileak ordezkatzeari, zergatik egin dion mesede eskuin muturrari esperantzaren galerak.

Filmak arrakasta izan zuen Cannesko estreinaldian, Zuzendarien Hamabostaldian, eta Donostiako 69. Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartzen ari da orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude