‘Maixabel’ Kursaalean

Zalantzarik gabe, aurtengo Donostiako Zinemaldia hasi aurretik ere, jakina zen Iciar Bollainek Sail Ofizialera dakarren ‘Maixabel’ filma ekitaldi osoko aipatuenetakoa izango zela. Lantzen duen gaiagatik, zauri asko oraindik itxi gabe daudelako, eta elkarrizketaren aldeko apustu irmoa egiten duelako.

Atzo eman zuten lehenengo pasea prentsarentzat, eta sare sozialetan nabari zitekeen filmak barrenak mugitu eta ukitu zizkiola jende askori. Eta gaur goizean Kursaalean egin duten emanaldiak berretsi baino ez du egin hori. Filmeko azken irudiak itzali eta kredituak azaldu direnean hasi den txaloaldia batek gogoratzen duen luzeenetakoa izan da.

Hitza eta elkarrizketa aldarrikatzen duen filma da ‘Maixabel’, eta hitza du horretarako bide zuzena, filmaren oinarria solasaldi horietan baitago, Ibon Etxezarretak (Luis Tosar) eta Maixabel Lasak (Blanca Portillo) konpartitu zituzten ordu horietan, nahiz eta, ezinbestean, hura gertatu zedin batu ziren baldintzez ere ari den pelikula.

Eta hitzan ardaztutako filma izanik, aktoreen lan esfortzatu eta bikainean du bere oinarri nagusia filmak. Portillo eta Tosar dira protagonistak, baina ezin aipatu gabe utzi Urko Olazabal eta Maria Cerezuelaren rol txikiago baina haiek bezain inportanteak eta indartsuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude