Zhang Yimouk abiatu du Donostiako 69. Zinemaldia

Zhang Yimou zinemagile txinatarraren Yi miao zhong / One Second filmaren emanaldiarekin hasi da, gaur goizean, Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofizialean eman dute dago Zhangen pelikula, eta hain zuzen ere, lehenengo aldia da Dà hóng denglong gaogao guà-ren egilea Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dena.

Txinako Kultur Iraultzaren garaian dago girotua filma. Herrialdeko ipar-mendebaldera bidaliko dute preso bat, lan esparru batera, eta han, asmamena baliatuta eta alaba ikusteko xede bakarrarekin, ihes egiten saiatuko da.

1980ko hamarkadan bere lanak Europako zinemaldi garrantzitsuenetan ematen eta saritzen hasi zirenetik, Zhang Txinako zinema modernoaren ikur eta ordezkari nagusietakoa bilakatu da.

Zhangen filmaren aurretik, Carlos Saurak zuzendutako Rosa Rosae. La guerra civil film laburra eman dute Kursaaleko auditoriumean.

Bestalde, gaurko inaugurazio galan Marion Cotillard aktore frantziarrak Donostia saria jasoko du. 21.00etan hasiko da Harkaitz Canok eta Ane Garciak idatzi eta Jon Maiak zuzendu duen ekitaldia. Galaren ondoren, Sauraren eta Zhangen filmak emango dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude