Gazteen bizkar mundua

Izenburua: Bigger Than Us.

Zuzendaria: Flore Vasseur.

Herrialdea: Frantzia.

Iraupena: 96 minutu.

Sariek ohikoan baino zeresan handiagoa emango duten Zinemaldian, Marion Cotillard izango da eguneko izarra gaur. Inaugurazio galan jasoko du aktore frantses ezagunak aurtengo lehen Donostia Saria, eta hari lotutako proiekzioarekin piztu da Viktoria Eugeniako proiekzioen metxa goizeko lehen orduan. Aretoa ez oso beteta, gehienak jaialdiaren egunkarian muturra sartuta —hain ezohiko estanpa gaur egun—, baina txalo hots dezentekoa pelikula amaitzean. Ikustera zihoanaren inguruan ezer gutxi zekien norbait egon bada, espero zezakeen Cotillard ikustea eszenan, ezaugarritzen duten interpretazio dotoreetako batean, baina ez zegoen halakorik iragarrita; interpretazio lanak ez, ekoizlearenak egin baititu aktoreak dokumentalean. Antza, azken denboran batik bat larrialdi klimatikoarekiko agertu duen engaiamenduari segituta.

Gazteak ditu protagonista filmak. Planetaren hegi ezberdinetan askotariko eraldaketaren alde zutitu diren aktibista gazteak. Honetaz guztiaz zer izango den kezka dutenak. This is how democracy looks like!oihu egiten dutenak; hondartzetako plastiko zaborra biltzeko deialdietara batzen direnak; ezer ez duten haurrentzat eskolak zutitzen dituztenak; euren bidea geroratuta, Mediterraneo itsasotik jendea erreskatatzera joan direnak; urtetako tradizio mingarria desafiatu eta komunitateko emakumeei beste patu bat izan dezaketela sinestarazten dietenak. 

Road-movie baten tankeran, 18 urteko Melati Wijsen indonesiarra da kontakizuna harilkatzen duena, beste aktibista batzuen istorioak bertatik bertara ezagutzeko irteten dena bidera, Greziara, Libanora, Malawiko Errepublikara, AEBetara, Brasilera eta Ugandara helduz. Tokian tokiko gazte bat du zain leku bakoitzean, 20 urteren bueltakoak denak, eta hitz egiten dute patriarkatuaz, frackingaz, errefuxiatuez, narkotrafikoaz. “Gehiengoak nahiago du erosotasuna gizatasuna baino”. “Izua edo maitasuna, ez dugu besterik”. Beltz margotzen da egoera, eta nekez dago, egon, tonu argiagoetarako garaia. Gordinean, ederrak ditu irudi ugari ekoizpenak —baliabide oparoen erakusgarri—, ederrak erresistentziaren testigantzak; besterik da, ordea, ez ote den ñabarduretarako lekua galtzen munduko gaitz guztiak pilan erakustean.

Egiten jarraitu nahi dute, baina badakite ez luketela egin behar egiten ari direna. Ez haiek. Egiazko eraldaketarako giltzak beste batzuen patrikatan direla badakite. Esplizitatzen da dokumentalean hori, baina, hala ere, suma daiteke aktibismo horren aldeko mezu bat —“zu behar zaitugu” gisako azken mezu bat—, eta horrek sortzen du ikuspuntuarekiko zalantza. Gazte hauen indarra aupatzean, auziaz egiazko ardura dutenak fokuratutakotik kanpo geldituko balira bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude