Non daude haiek

Izenburua: Non dago Mikel?

Zuzendariak: Amaia Merino eta Miguel Angel Llama Pitu.

Herrialdea: Euskal Herria.

Iraupena: 79 minutu.

.

Udazkeneko koloreekin abiatzen da Non dago Mikel? filma. Droneekin hartutako irudiak, Orbaizeta inguruko basoen gainetik. Bidasoako uretan topatu zutenean ere udazkena zen. Baina beste berde, marroi, gorri batzuk erakusten dituzte orduko irudiek.

Kolore horiek dira orain zuzendariek dokumentala osatzeko erabili duten material indartsuenetako bat, Mikel Zabaltzaren atxiloketaren eta desagerpenaren ondoko egunetako irudi-artxiboa: haren gertukoak kazetarien aurrean, autobusetako gidari lankideak greban, Jorge Argote Guardia Zibilaren abokatua eutsiezina zen zerbait eutsi nahian, Marcos Vizcaya (EAJ) Jose Barrionuevori (PSOE) Zabaltzaz galdezka Madrilgo diputatuen kongresuan. Aurkitu zutenekoa, eta ondorengo egunetako ezinegona. 1985. Bulebarrean jendetza: “Gobernador! Mikel non dago!”

Zabaltzarekin batera atxilotu zuten Ion Arretxeren tortura testigantza da bigarren irudi-iturria. Paco Etxeberriari xehetzen dizkio ordukoak, Eusko Jaurlaritzaren Bake Planaren barruko ariketa batean. Euskal Herrian torturak izandako leku sistematikoa agerian uzten du Arretxek, eta partekatzen ditu bizitakoaren gainean egindako gogoeta minberagoak ere, Intxaurrondo eta humanitatea berbak esaldi batean josten dituenean Etxeberriak, esaterako. “Bada zerbait egiten duena haiek zurekin ez enpatizatzea, hamar egunetan ezta une txiki bat ere, eta hori ez dut inoiz ulertu”.

Osaba ezagutu ez arren, haren itzala beti aldean eraman duten hiru iloba ageri dira azkenik. Gertatutakoa betidanik jakin arren, dituzten galderak aitortzen dituzte kamera aurrean, etxera heldu ziren eskutitzez betetako kutxa bat arakatzen duten bitartean.

Zaila da paralelismoak saihestea. Pandemiak ekarritako atipikotasun guztia aparte utzita, Patria-rengatik ere gogoratuko du aurtengoa batek baino gehiagok. HBOren ekoizpena da leku gehien hartu duena aurten Urumea inguruko iragarki-oholetan. “Denak gara istorio honen parte” irakur dute luze-zabalean, eta, Zabaltzarena ikusi duenarentzat, zaila da hartaz ez gogoratzea. Esan gabe doa, ordea, noraino helduko den bata, non geratuko den bestea.

Patria fikzioa da, ez errealitatea“, esan zuen Aitor Gabilondok telesailaren aurkezpenean. Merino eta Pitu-rena ez, ordea.

Fikziozko lan bat balitz, agian ikusiko genituzke agertzen ez direnak, Mikel, eta Mikel une oro non egon zen kontatu dezaketenak. Dokumentalean ez daude, baina egon gabe ere, hor segitzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude