Tripetako grapak

Izenburua: Falling.

Zuzendaria: Miggo Mortensen.

Herrialdea: Kanada-Erresuma Batua.

Iraupena: 113 minutu.

Donostia Saria jasotzearekin batera, zuzendu duen lehen filma aurkeztera etorri da Viggo Mortensen aurten Zinemaldira: Falling. Aktore lanak ere egin ditu, protagonistetako batenak, hain justu: mutil lagunarekin eta bien alabarekin bizi den klase oneko gizona da, John, lanbidez pilotua. Haren aita Willis da beste protagonista (Lance Henriksen), nekazari kontserbadore, misogino eta homofoboa — gehitu daitezke ildo bereko nahi beste adjektibo—. Kaliforniatik Los Angelesera joango da semearengana, ustez erretirorako tokia aurkitu bitartean, eta urtetan egosten utzitako minak azalera ateratzen hasiko dira; semeak harremana oraingo beharretatik berrartzeko ahalegina egingo du, eta barkatua ez izateko arrazoiak ematen segituko du aitak, memoria ere kale egiten hasiko zaion artean.

Hori da, agian, istorioko alderik deigarriena. Aitak ez du semearen bizitza errespetatuko, ahal duen guztietan mespretxatuko du, eta, hala ere, hura zaintzeko eta behar duenean laguntzeko ahalegina egiten agertuko da John. Iraganeko uneak ere tartekatuko dira etengabe, nola utzi zuen haien zaintza guztia amaren (Hannah Gross) esku ume zirenean, nola zapaldu zuen hura haien aurrean. Bilobak ere umiliatuko ditu, eta haiek izango dira aitonari nazkagarri bat, koldar bat, agure ustel bat dela esango dioten bakarrak. Baina haien ama eta amona zenari egotziko dio denaren errua: “Zuen ama marikoiak ekoizteko fabrika bat zen”.

Ondo eusten dio tentsioari kontakizunak, eta musika soilaz lagundutako irudi mutuek ere zaintzen dute erritmoa —Mortensenek berak egin du musika—. Baditu topikoak, eta baditu zalantzazko eszenak —amaiera aldera, elur gainean etzanda, agurea neska gazte batekin larrutan amesten ari denekoa; edo aita-semeen arteko borroka-besarkada, esaterako—. Baina pertsonaia nahiko indartsuak sortu ditu aktore eta zuzendariak, eta asmatu du horiek istorioan mugitzen.

Minbiziagatik ebakuntza bat egingo diote azkenetan Willisi, eta tripa goitik behera grapaz josita erakutsiko dio une batean. Hori da agian filma ondoen kondentsatzen duen irudia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude